Xabat Otxotorena Orbea taldeko txirrindularia

Kronika - Erredakzioa 2006ko uzt. 25a, 03:00

«Tour-ean gertatutakoa ez da ona txirrindularitzarako»

Zer moduz ari zara moldatzen aurten?
Gustora, gustora. Jada bigarren denboraldia daramakit Orbean eta hobekuntza nabaritzen ari naiz. Pixkanaka aurrean sartzen ari naiz eta motibatua nabil.

Extremadurako Itzulian txukun ibili zinen, aurrean egunero.
Extremaduran etapa gehienek erdialdean zuten zatirik gogorrena, eta talde txikitan iristen ginen bukaerara, esprinean. Erlojuz kontrakoa ere motz eta esplosiboa zen. Horrelako etapak aproposak dira neretzako eta etapa ia denak hamar aurrenekotan bukatu nituen. Pena izan zen zentesima bategatik ez nuela Itzulia irabazi.

AEBetan ere aritu zara, ezta? Bai, han klasika moduko bat korritu genuen. Astebeterako joan ginen, aklimatatzeko, eta ordutegi aldaketara ohitzeko. Bost egunez entrenatu eta gero, La Laguna Seca moto zirkuitoan korritu genuen, Monterreyn, Los Angeles eta San Frantzisko artean. Kristoren maldak igo genituen, ´Sacacorchos` deitzen zioten ibilbidean. Leipheimerrek parte hartu zuen han. Nik zazpigarren egin nuen.

Aurtengo tour-ean gertatu denak eragin al dizue?
Ez zuzenki, baina txirrindularitzari eragiten dionez, guri ere zerbait bai. Gertatu dena ez da ona txirrindularitzarako, kontu horiekin sponsor-ek atzera egiten baitute.

Zer gertatu zen Espainiako txapelketan?
Karrera hasi eta bostehun metro egin ta gero, geratu egin ginen. Gero, talde guztien artean bilera bat egin zen. Jasotzen dugun tratua salatzeko, karrera utzi eta agiri bat ateratzea erabaki genuen txirrindulariok. San Joanak ziren eta batere nekatu gabe etorri nintzen, kar, kar!

Gaur Ordiziako Klasikan arituko zara. Ze asmo?
Gustatzen zaidan karrera da hau. Ikusi egin behar Bidaniako mendatea nola igotzen dugun, hori baita gogorrena. Hori pasaz gero, aurrean sartzen saiatuko naiz. Hala ere, maila haundia dago eta irabazteko dena alde beharko dut.

 

2006ko postu onenak
-3. Extremadura-ko Itzulia, 3. etapa.
-4. Extremadura-ko Itzulian.
-5. Extremadura-ko Itzulia, 2. etapa.
-7. Comunidad Valenciana, 1. etapa.
-7. Monterrey-ko zirkuitoa (AEB).
-7. Extremadura-ko Itzulia, 1. etapa.
-7. Euskal bizikleta-ko 4. etapa, B sektorea
-8. Asturias-ko Itzulia, 1. etapa
-9.Extremadura-ko Itzulia, 6. etapa
-10. Comunidad Valenciana   Itzulia, 3. etapa.
-10. Extremadura-ko Itzulia, 5. etapa, B Sektorea.
-14. Laudioko Sari Nagusia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!