Putzu egarriz, iritsi dira Saharako haurrak Hernanira

Kronika - Erredakzioa 2006ko uzt. 24a, 03:00

UZTAILAREN 9 eta 10ean iritsi ziren Saharako haurrak Hernanira. Aurten hiru haur etorri dira Hernanira, ez baitira familia gehiago animatu Saharako haurrak etxean hartzera. Goizetan haurrekin ibiltzen den begiraleak azaldutakoaren arabera, gero eta gutxiago animatzen da jendea horrelako ekimenetan parte hartzera. Bi hilabete egingo dituzte hiru haurrek herrian. Mediku errebisioak egiteaz gain, Saharako desertuko kanpamenduko bizimodutik aparte, beste errealitate bat ezagutzeko intentzioz etorri dira. Hala ere, Hernanira etorri diren hiru haurrak, lehenago ere izan dira herrian eta hori dela eta nahiko erraz moldatu dira hemengo bizimodura.

Urarekin lotutako ekintzak
Hemengo haurrek bezalaxe, udan, urarekin lotutako ekintzak izaten dira Saharako haurrek gehien estimatzen dituztenak. Putzu egarri hori asetzeko, Pirata Eguna antolatu zuten joan den astean udaleku irekietan eta Saharako haurrak ere tartean izan ziren. Urgullen goiz pasa egin ondoren, hondartzara joan ziren eguerdi partean eta bertan harrapatu genituen, uretatik ezin atera. Udaleku irekiak bukatu arte bertako haurrekin batera egingo dituzte ekintzak. Abuztuan, begiraleak azaldutakoaren arabera, haiek gogoko dituzten ekintzak egiten saiatuko dira: hondartzara eta errekara irteerak eta piraguan ibili, esaterako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!