Santio jaiek erakarrita, asteburuan hernaniar ugari izan dira Arano eta Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2006ko uzt. 24a, 03:00

ASTEBURUAN Hernanitik Arano eta Astigarragara mugimendu haundia izan da. Batzuk egun pasa atsegina pasatzeko intentzioz joan dira Santiotara, beste batzuk aldiz, oraindik ere festetan harrapatu dituzte eguneko aurreneko eguzki izpiek.

Bertso-pelotak jende asko bildu zuen Aranon
Aranoko jaietan jende gehiena atzo eguerdian bildu zen, bertso-pelota ikuskizunaz gozatzera. Kotxe eta jende mordoa bildu zen eta Frantziako Tourrak animatuta edo, bat baino gehiago ausartu zen Hernanitik Aranora bizikletaz joaten. Hernaniarren gozamenerako eta nafarren tristurarako, Iñaki Esnal izan zen pelota partiduko garaile: Mikel Goñiren kontra 30 eta 20 irabazita. Iñaki Esnalek maila eman zuen partidu osoan zehar, eta gorputzez ere, Goñi baino arinago dabilela erakutsi zuen. Mikel Goñik egin zuen tanto ikusgarriren bat edo beste, baina ez zen markagailua bere alde jartzeko gauza izan. Bertsotan, Xabier Legarreta, Unai Agirre eta Aritz Zerain izan ziren Arano Telebistako aurkezle papera egiten.

Betizu jan herrikoia, Astigarragan
Astigarragan atzo eguerdian betizu-jana egin zuten, aurten aurreneko aldiz. Larunbata goizaldeko 01:00etan jarri zuten erretzen betizua eta 12 orduz erretzen izan ondoren, haragia prest zegoen 170 bat lagunek jateko.

 

Aranon gaur
22:30 Mus txapelketa
azkarra, San Roke elkartean.
Astigarragan gaur
11:30 Haurrentzako parkea eta txu-txu trena. Foru plazan. 
13:00 Gazteen kalejiraren
irteera J. Barandiaran plazatik. 14:30etan bazkaria.
16:00 Haurrentzako parkea eta txu-txu trena. Foru plazan. 
17:00 Koadrilen arteko Ginkana frogak.
19:00 Mexico Lindo mariatxi eta dantzarien kalejira.
19:00 Sokamuturra,
Errekatxo kalean.
20:00 Gazteen kalejira,
herriko kaleetan zehar.
23:30 Nuevo Talisman
orkestraren emanaldia,
J. Barandiaran plazan.
00:00 Kanpai-errepika, Santiago ermitan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!