Morkaiko elkarteak antolatuta, San Inazio eguna ospatu zuten atzo ehundaka lagunek Santa Barbara gainean. Goizaldean euri pixka bat egin bazuen ere, arratsaldeko eguzkia nagusitu zen, joandakoen gozamenerako.Festak goizean hasi ziren, dianarekin eta ordutik aurrera jendea Santa Barbarara hurbilduz joan zen, tradizio haundia duen jai hau bizitzeko. Gehienek oinez igo behar izan zuten, azken malda behinik behin, ibilgailuei bidea galerazi zitzaien eta.
Eguna hasteko, Indio eta Atarrabiyo omendu zituzten, txalaparta, dantzariak eta lore eskaintzarekin. Honen ondoren, 12:30ak aldera meza eman zuen ermitan Hernaniko parrokoak. Ordurako jendea erruz zebilen gora eta behera, Xabier Solano eta Jon Mari Beasain trikitilarien doinuak gustora entzuten. Pare bat mahaietan jarrita, hantxe zeuden San Joan konpartsakoak, kamisetak saltzen eta Urumea Bailara Bizirik taldekoak, banderola berriekin sinadurak biltzen.
Herri kirolak eta bazkaria
13:00 pasatxo zirela hasi ziren herri kirolak, Antton Garinekin hizlari lanetan. Bi talde izan ziren nor baino nor, batetik Larrabide, Larra, Barrenetxea eta Iradi eta bestetik, Txintxua I eta II, Suarri eta Paolla. Lehenengoek irabazi zuten, lokotxetan, txingetan eta aizkoran egin ondoren. Gero, Urdangarin, Eizmendi, Gaztelumendi eta Lasarte bertsolariek umore puntua jarri zioten han ikusitakoari. Honen ondoren dantzariek sariak banatu zituzten , bina muxu, kopak, eta txapelak irabazleentzat. Argazkilarientzako sesioa ere egin zuten bi taldeek, sariak gainean zituztela.
Trikitilariek beste saio bat egin zuten jendeak aperitiboa hartzen zuen bitartean, txoixo egosia eta sagardo tragoxka freskoa hartuz, eta denak bazkaltzera, batzuk behera eta gehienak han bertan.
Herri bazkaria giro bikainean egin zuten bildu ziren 60 bat lagunek. Arratsaldean oraindik bazen gora zihoanik ere, toka txapelketa eta haur jokoetaz gozatzera.