ASTIGARRAGA Bizirik plataformak manifestazioa deitu du gaurko. Arratsaldeko 20:00etan irtengo da J. Barandiaran plazatik eta parte hartzeko deia luzatu die herritarrei. Astigarraga Bizirik plataforma asteartean aurkeztu zuten, eta erraustegiaren aurka dagoen guztiak ateak irekita dauzka beraiekin batzeko. Oraingoz 50 bat lagun bildu dira, eta adierazi dute ez dutela erraustegirik nahi, ez Landarbason ez beste inon. Eman dituzten arrazoien artean, osasun arazoak, Añarbeko uren kutsadura edota ondare historiko-kulturalaren kaltetzea daude. Zaborra gestionatzeko alternatiba hobeak eskatzen dituzte, ´gomendagarri, merke eta garbiagoak direnak`.
Urumea Bailara Bizirik plataformak joateko deia
Herenegun aurkeztu zuten Urumea Bailara Bizirik plataformak ere manifestaziora joateko deia egin zuen Ereñotzun egindako prentsaurrekoan. Bertan 150 lagun bildu ziren. Honekin batera, dei egin zieten auzi honetan ardurak dituzten instituzioei irtenbideak martxan jarri ditzaten. Plataformaren esanetan, hondakinen kudeaketa sistema alternatiboak bilatu behar dira. Herritarrei informazioa ematea eta galdetzea ere eskatzen dute. ´Errausketari ez` esateko hainbat arrazoi dituztela adierazi zuten, besteak beste, osasunean eragin ditzaken eragin larriak edota erraustegiak sortzen dituen hondakinak. Plataformak 2600 sinadura bildu ditu.
EBk atxikimendua
Hernaniko Ezker Batua-Berdeak taldeak ere atxikimendua eman dio manifestazioari eta herritarrak parte hartzera animatu ditu. Alderdiaren esanetan, Astigarraga eta Hernaniko udalek erreferenduma deitu beharko lukete, `herritarrek iritzia eman dezaten, erraustegia Landarbaso bezalako inguru batean jartzearen erabaki itxuragabearen gainean `.
BHk atxikimendua
Bildu Hernanik ere atxikimendua eman dio Astigarragako manifestazioari eta joateko deia egin du.