«Errausketa baztertu eta hain kutsagarriak ez diren sistema alternatiboak martxan jartzeko eskatzen diegu instituzioei»

Kronika - Erredakzioa 2006ko uzt. 20a, 03:00

Atzo egin zuten Urumea Bailara Bizirik plataformaren aurkezpena. Ereñotzu, Epele eta Hernaniko 150 bizilagun inguru bildu ziren, erraustegia ez egitea eta beste sistema batzuk martxan jartzea eskatzeko.

URUMEA Bailara Bizirik Plataforma aurkeztu zuten atzo Ereñotzun prentsaurrean. Plataforma Urumea bailarako bizilagunen iniziatibaz sortu da ´erraustegiak gure bizi kalitatea eta osasunean izango dituen ondorioez kezkatuta`. Plataformari babesa emateko, 150 bat lagun bildu ziren atzo Ereñotzun, eta Gipuzkoan zaborraren kudeaketan zer esana duten entitateei hainbat eskari egin zizkieten; baita Hernaniko Udalari ere. Azpimarratu zuten errausketaren kontrako 2.600dik gora firma bildu dituztela eta ´firma horiek emandako zilegitasunarekin` egiten dituztela aipatutako eskariak.

Instituzioei eskariak
Prentsaurrekoan Gipuzkoan zaborraren kudeaketan zer esana duten entitateei eskatu zieten ´Gipuzkoan errausketa plantarik ez jartzeko eta hondakinen kudeaketa sistema alternatiboak, hain kutsagarriak ez direnak, aztertu eta martxan jartzeko`. Horrez gain ´zaborraren kudeaketari buruzko informazioa herritarrei ematea eta herritarrei galdetzea` ere eskatu zuten. Hernaniko Udalari eskatu zioten ´herritarren bizi kalitateaz eta osasunaz dagokion ardura` hartzeko eta ´erraustegirik egin ez dezaten hartu beharreko neurriak hartzeko`. ´San Markos mankomunitatean duen partehartzea` erabiltzeko ere eskatu zioten Udalari, ´erraustegiaren proiektua gelditu eta hondakinak kudeatzeko sistema alternatiboak bultzatzeko`.

´Errausketari ez` esateko arrazoiak
Urumea Bailara Bizirik Plataformak ´erraustegiari ez` esateko dituzten arrazoiak azaldu zituen. Batetik, ´errausketari ez` esateko arrazoi orokorrak azaldu zituzten: -`Erraustegiak ingurumena kutsatu eta osasunean eragin oso larriak izan ditzake, besteak beste, minbizia sor dezakete erraustegiek sortzen dituzten dioxinek, furanoek...`. -`Erraustegiak hondakinak sortzen ditu. Hondakinen %30 gelditzen da eta hondakin toxikoen bertedero baten beharra sortzen dute`. -`Zaborra gestionatzeko modu garestiena da`. -`Alternatibak badaude, merkeagoak, osasungarriagoak eta hain kutsagarriak ez direnak`. -`Inposatutako erabakia da eta interes ekonomiko haundiak daude atzean`. Erraustegia Landarbason jartzeak bere garrantzia ere baduela azaldu zuten eta horrek ekarriko dituen eraginak azpimarratu zituzten: -`Legez, erraustegiak hirigunetik 2 km-tara egon behar du. Epele erraustegitik 2,245 km-tara dago, Ereñotzu 2,440 km-tara eta Hernaniko erdigunea 4,3 km-tara. 200-400 metroko aldeak arriskua desagerrarazten al du? -`Euskal Herriko arrisku kimiko haundieneko 3 enpresetatik 2, Urumea bailaran daude, Epelen hain zuzen ere. Erraustegia jarriko balitz, haren eragin zirkularrak beste enpresa horien eragin zirkularrarekin bat egingo luke eta tartean geldituko litzateke hainbat jende bizi den eremua`. -`Añarbeko urtegia 4 km-tara dago`. -`Ondare historiko kultural haundiko eremua da`. -`Aiako Harria parke naturalaren mugan dago`. Bukatzeko, ostiralean 20:00etan Astigarragan izango den manifestaziora joateko deia egin zuen plataformak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!