Urumea Bailara Bizirik Plataforma aurkezteko prentsaurrekoa egingo dute gaur arratsaldeko 20:00etan, Ereñotzuko plazan. Asmoa da prentsaurrean azaltzea, erraustegia jartzeak bailara honetako biztanleei ekarriko lizkieken ondorioak eta baita ere erraustegia ez egiteko helburuarekin hainbat eskari egitea. Plataformak argi utzi du ez duela erraustegirik nahi ´ez Landarbason ez inon` eta idea honekin bat egiten duten bailarako biztanle guztiei, Epele, Ereñotzu eta Hernanikoei dei egin diete aurkezpenera agertzeko.
Astigarraga Bizirik plataformaren aurkezpena
Astigarragan ere sortu da erraustegiaren kontrako plataforma eta atzo goizean egin zuten aurkezpena prentsaurrean. Azaldu zuten erraustegia eraikiko litzatekeen eremua Astigarraga, Hernani eta Errenteriarekin egiten duela muga eta zehazki, Astigarragako erdigunetik 3 kilometrotara eraiki nahi dela. Prentsaurrean azaldu zuten ez dutela erraustegirik nahi ez Landarbason eta ez inon. Arrazoi ezberdinak eman zituzten erraustegiak ekarriko lituzkeen kalteak azaltzeko: osasunean arazoak, Añarbeko urak kutsatuko lituzkeela, Aiako Harria parke naturalaren mugan dagoela, ondare historiko-kultural garrantzitsuak daudela eremu horretan, besteak beste. Zaborra gestionatzeko alternatibak badaudela ere azaldu zuten, ´gomendagarri, merke eta garbiagoak`. Ondorio hauekin kezkatuta eta alternatibak bultzatzeko asmoarekin 50 bat lagun bildu dira Astigarraga Bizirik plataforman eta azaldu dute talde irekia dela parte hartu nahi duenarentzat.
Ekintza ezberdinak Astigarragan
Astigarraga Bizirik plataformako kideek Astigarragan egingo diren ekintzen berri ere eman zuten. Bihar asteazkena hitzaldia izango da Alternatibak Erraustegiari gaiaren bueltan. Arratsaldeko 19:30etan, kultur etxean. Ostegunean, auto karabana antolatu dute Astigarragako poligonotik aterata arratsaldeko 19:30etan. Ostiralean, manifestazioa egingo dute Errausketarik ez! lemarekin. Arratsaldeko 20:00etan aterako da, J. Barandiaran plazatik. Larunbatean, Astigarragako festei hasiera emateko txupinazora joateko deia ere egin dute, salaketa isila egitera.
Mozioa Astigarragako udaletxeari zuzendua
Astigarraga Bizirik plataformak mozio bat ere aurkeztu du Astigarragako udaletxean. Mozioan funtsean eskatzen dute: -Gipuzkoan erraustegirik ez jartzea eta Astigarragako Udalak hori eskatzea bai Diputazioan eta baita San Markos Mankomunitatean. -Zaborra birziklatu eta berrerabiltzeko politikak martxan jartzea eta hori eskatzea erakunde ezberdinetan.