Bide hezkuntza programan 1.200 ikaslek hartuko dute parte datorren ikasturtean

Kronika - Erredakzioa 2006ko uzt. 19a, 03:00

BIDE Hezkuntza Programa jarri zuen martxan Udalak joan den ikasturtean. Maiatzean zehar Hernaniko ikastetxe guztietako Lehen Hezkuntzako 920 ikaslek hartu zuten parte. Iñaki Arratibel, Hirigintza Zinegotziak; Antxon Costa, Udaltzaingo zinegotzi arduradunak eta Teodoro Zuloaga, Udaltzain buruak azaldutakoaren arabera, ikasleek interes haundia azaldu zuten eta datorren ikasturtean programarekin jarraitzeko eta sakontzeko asmoa dute. Lehen Hezkuntzako maila guztietako eta Bigarren Hezkuntzako aurreneko mailako 1.200 ikaslek baino gehiagok hartuko dute parte, Hernaniko ikastetxe guztietakoak. Klaseak ematen bi udaltzain ariko dira, aldez aurretik gaian formatu direnak eta ikastaro ezberdinetan parte hartuz formatzen ari direnak.

Herri barruan ibiltzeko gaitasuna landu
Programaren bidez gaztetxoak hezi nahi dira herri barruan modu egokian ibiltzen, bai oinez, bai bizikletaz, bai kotxe edo garraio publikoetan bidaiari joaten direnean. Teoriaz gain, saio praktikoak izango dira eta hori da ikasleek gehien estimatzen dutena, Teodoro Zuloagak azaldutakoaren arabera. Klase praktikoak emateko asmoarekin, Mañe-Flaquer plazan zirkuito bat egingo dute ikasteko: stop-etan gelditzen, semaforoei kasu egiten, rotondetan eta bidegurutzetan nola jokatu behar den, besteak beste. Guztira 3 ordu jardungo dira ikasleak gaia lantzen. Teodoro Zuloagak azaldutakoaren arabera, gaur egun guraso gehienek haurrak kotxean eramaten dituzte ikastetxeetara eta sekulako nahasmena sortzen da ordu jakinetan. Programarekin, besteak beste, ikasleak eskolara oinez joatea lortu nahi da. Bide horretan saiakera bat egin zen joan den ikasturtean Eskolara bakarrik ekimenarekin.

Piskanaka zabaldu
Bide Hezkuntza programa piskanaka zabaltzen joango da eta DBHko laugarren mailara arte iristea da asmoa. Horrez gain, adineko jendearekin ere hasi nahi dute, ´adinekoek istripu asko izaten baitituzte eta adinarekin ondorioak larriak izan baitaitezke` azaldu zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!