GIRO ederrean eta eguraldia lagun zela ospatu dira asteburuan Kaxkoko Karmen jaiak. Tartean hainbat lehiaketa izan ziren parte hartze haundiarekin. Kaxkoko balkoi ederrenaren saria Ignacio Loranek eraman zuen. Haurren marrazki lehiaketan, Noelia Rodriguezek irabazi zuen, 5 eta 7 urte arteko kategorian. 8 urtetik 10 urte bitarteko kategorian Ilargik irabazi zuen. Karta jokoak ere badu bere garrantzia Kaxkoko festetan eta gustora aritu ziren mahaiak Andrekale erdira aterata. Musean Iñaki eta Amaiak irabazi zuten eta eskoban, Jone eta Juan Bautistak. Sari banaketan gogoan izan zuten larunbatean hildako Jon Setien auzotarra, Kaxkoko festak aurrera ateratzeko lan asko egin baitzuen.
Eskerrak laguntzagatik
Karmen jaietako antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete Adarraga gozotegiari, Udalari, bizilagunei, banketxeei eta bereziki Kutxari, emandako laguntzagatik.