Bero izugarriarekin jokatu zuten atleta jubenil onenek estatuko txapelketa, Ourensen, uztailaren 8 eta 9an. Gipuzkoatik 24 atletak lortu dute bertan parte hartu ahal izateko marka eta horien artean hernaniar bakarra izan da, Eider Aldabe korrikalaria. 800 metrotan hartu du parte Galizian eta marka pertsonala jaistea lortu ez badu ere, oso pozik etorri da bueltan. Aldabek finalerako txartela lortu zuen, finalaurrekoetan 8garren eginda, eta jubeniletan aurtengoa lehen urtea izanda lorpen haundia da hori. Finalean, 7garren bukatu zuen Aldabek, 6garren egiteko zorian izan bazen ere. Eider Aldabek Euskal Herriko jubenil mailako aurtengo markarik onena dauka 800 metroan, 2:20:52rekin.
Denboraldi oparoa
Atleta hernaniarrak Ourenseko probarekin esan dio agur aurtengo denboraldi luzeari, eta emaitza onak lortuta. Urrian brontzezko domina lortu zuen Madrilen bere taldearekin, Espainiako Kluben Txapelketan. Aldabek 1000 metroko lasterketan hartu zuen parte. Neguan zehar, berriz, krossean aritu da, eta bi hilabete lesionatuta egin ondoren, Euskadiko txapelketan 8garren egin zuen eta Estatuko Txapelketarako sailkatu zen. Horrez gain, pista estaliko Euskal Herriko txapelketan urrezko domina lortu zuen 800 metrotan eta brontzezkoa 400 metrotan. Aire libreko txapelketan, berriz, 800 metroan Euskal Herriko txapelduna izan da jubenil mailan eta Gipuzkoako txapelduna maila absolutuan. Merezitako deskantsua hartuko du orain, Hernaniko atleta gazteak. Kadeteak Bartzelonan Jubenil mailan hernaniar bakarra izan bada, kadeteetan badira lau, estatuko txapelketara sailkatuak. Atzo eta herenegun izan dituzte probak: Maitane Iruretagoienak 100 metroan; Enara Agirrezabalak luzera jauzian; Servando Rivasek mailu jaurtiketan; eta Mikel Von Wichmannek 600 metroko proban. Egunotan izango dugu lau hernaniar hauek lortutako emaitzen berri.