Santioko bidearen elkarteek antolatuta, Irundik Santo Domingo de la Calzadara erromesaldia antolatu dute, uztailaren 26an hasi eta abuztuaren 4ra arte. Euskal Herrian barrukaldetik dijoan bidea berreskuratu nahi dute egitasmo honekin, eta bide horrek Hernanin ere badu partea. Lehen etapan Irundik Hernanirako bide zatia egitea dago aurrikusia, 23 kilometro guztira.
Hernani lo egin eta Tolosara
Uztailaren 27an iritsiko dira erromesak Hernanira, arratsaldeko 13:00ak inguruan. Kredentzialak kiroldegian sinatuko dizkiete. Udalak harrera egingo die, txistulari eta aurreskuarekin eta plaka bat emango zaie erromesei. Ekitaldi hau 19:30etan izango da eta afaldu ondorenean kiroldegira joango dira lotara erromes guztiak, goizean goiz Tolosa aldera irtetzeko.
Edonork egiteko modukoa
Erromesaldia irekia da nahi duen guztiarentzat, eta izena eman beharrik ere ez dago. Interesatuek nahikoa dute, uztailaren 26an, Irungo Santiago Zubira azalduta, arratsaldeko 16:30etan. Ibiliak nahiko errazak dira, Gipuzkoako Santiagoko Bideko lagunen elkartetik jakitera eman dutenez. Egunean 20 bat kilometro egin behar dira, eta Irundik Santo Domingo de la Calzadara nahiko laua da bidea, Sanadriango pasabiderako aldapa salbu. Jendeak nahi dituen etapak egiteko aukera izango du, eta antolatzaileek lagunduko diote animatzen den guztiari. Antolatzen duten taldeak kristau sinistunak diren galdetuta, denetik dagoela jakinarazi dute Gipuzkoako elkartetik ´kristauak direnak eta ez direnak.
Albergeen beharra
Gipuzkoa, Araba eta Errioxako Santiagoko Bideko elkarteek antolatu dute erromesaldi hau eta beren helburua da lehengo bidea berreskuratu eta jendeak ohitura hartzea. Hernaniko Kronikari esan diotenez, oraindik pausu asko eman behar dira horretarako eta lehenengoa herriz herri albergeak sortzea da: ´erromesak hemendik pasatzea nahi badugu, herrietan erromesentzat albergeak jarri behar dira eta horretan udalak eta elizak inplikatu behar dute`. Gaur egun Irunen bakarrik dago erromesentzako albergea Gipuzkoan.
Bidea markatua
Santiagoko Bideko lagunen elkarteek egiten duten lanetako bat bideak txukundu eta markatzea da. Beren hitzetan ondo markatua dago Irundik Errioxara arteko bide zatian, nahiz eta laguntza gutxi jasotzen dutela nabarmendu. Eusko Jaurlaritzak seinalizazioa jarri du zenbait lekutan eta Hernanin ere ikusi litezke garai bateko Santioago Bidea nondik dijoan azaltzen duten kartelak. Gipuzkoako elkartetik Hernaniko eta Tolosako udalak egiten ari diren ahalegina ere azpimarratu dute eta beren hitzetan udal guztiek egin behar dute gehiago ´herriei prestigio haundia ematen dielako horrek, 15 eta 16garren mendeetan erabilitako bideak berritzeak`.
Santio Bideko aztarnak Hernanin
Santio Bideko arrasto ezagunenak Santiomendiko ermitarenak dira inguru hauetan. Baina Hernanin badaude Santiago bidearekin lotura duten arrastoak. Eusko Jaurlaritzako Dekretu batek Santiago bidea pasatzen den hainbat monumentu babesten ditu eta horien artean aurkitzen dira Hernaniko Kaxkoa, Fagollagako zubia eta baita Santa Kruzeko Santutxoa ere. Leoka garbitokia eta Agustinen komentuko portikoa nabarmentzekoak dira gainera, Santiago bideko ibilbide barruan.
Ibilbidea
- Uztailak 26, Zita Irunen.
- Uztailak 27, Irun-Hernani 23 km.
- Uztailak 28, Hernani-Tolosa, 20 km.
- Uztailak 29, Tolosa-Beasain 20 km.
- Uztailak 30, Beasain-Zegama 20 km.
- Uztailak 31, Zegama-Agurain 30 km.
- Abuztuak 1, Agurain-Gasteiz 27 km.
- Abuztuak 2, Gasteiz-La Puebla de Arganzon 17 km.
- Abuztuak 3, La Puebla-Haro 30 km
- Abuztuak 4, Haro-Sto Domingo de la Calzada 20 km.