Alkate berriaren aginduetara ospatu zituzten Karmen jaiak atzo Kaxkoan

Kronika - Erredakzioa 2006ko uzt. 17a, 03:00

Kaxkoko bizilagunak egun osoz izan ziren kalean, bero izugarria egin bazuen ere. Xanti Lujanbio ‘Prailia’ri eman zioten alkate makila eta Agustinatako monjak omendu zituzten atzo.

Atzo, bero haunditan ospatu zuten Karmengo jaia Kaxkoan, goizean goizetik hasita. Diana eta Meza Nagusiaren ondoren, Kaxkoko alkate izendatu zuten Xanti Lujanbio Prailia, bere etxeko balkoian. Luis Llopis Biyokek, iaztik atzora arte Kaxkoko Alkate izan denak, eman zion makila Xanti Lujanbiori. San Joanetan lizarrak jartzen Juanjo Uriak aurkeztu zuen alkate makila emateko unea eta Xanti Lujanbioren zenbait kontu kontatu zituen bertan: 50 urtean lizar adarrak jarri izan dituela Kaxkoko portaletan, San Joan egunez; ehizean, basurdetan amorratua izan dela eta abar. Prailiaren beste afizio baten berri ere eman zuen: bertso zalea dela, eta bazkal eta afalondoren batzutan aritu izan dena ere bai. Juanjo Uriak egindako bertso bat kantatu zioten bertaratu ziren guztiek eta ondoren agurra dantzatu zioten Maialen eta Nahiara ilobek. Makilarekin batean, Kaxkok auzo elkarteko ikurra den aldaba eman zion eta Manoli Olano emazteari lore sorta bat eman zioten.

Monjei omenaldia
Jarraian, Agustinatako monjei egin zien omenaldia Kaxkok, komentu aurrean bertan. Hamaika monja daude gaur egun bertan eta oso esker oneko azaldu ziren omenaldiarekin eta eskerrak eman zizkioten Kaxko elkartea eta Hernaniko herriari beraiekin ´oso ondo portatzen delako`.

Festa iluntzera arte
Omenaldien ondorenean ez zuten aspertzeko betarik hartu Kaxkoko bizilagunek, bazkaria, karta jokoak, sardina jana, musika eta abar izan baitzituzten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!