Rivas bigarren eta Iruretagoiena eta Von Wichmann bosgarren

Kronika - Erredakzioa 2006ko uzt. 18a, 03:00

HERNANIKO atletek pozteko moduko emaitzak ekarri dituzte Bartzelonan izan den estatuko kadete mailako txapelketatik. Servando Rivasek zilarrezko domina lortu zuen, mailu jaurtiketan. Maitane Iruretagoiena bosgarren izan zen 100 metrotan eta Mikel Von Wichmannek ere bosgarren postua lortu zuen 600 metrotako frogan.

Rivasek Euskadiko marka berria jarri du
Servando Rivasek zilarrezko domina lortzeaz gain, Euskadiko marka berria lortu du, finalean mailua 54,68 metro botata. Servando Rivasek gero eta marka hobeak lortu zituen, oso estua izan zen finalean. Jaurtiketa baten faltan, finaleko aurrenekoa zijoan hernaniarra, baina estatuko markarik onena duen atletak gainditu egin zuen.

Lesioak ez zion dena ematen utzi Iruretagoienari
Maitane Iruretagoienak 5garren postua lortu zuen 100 metrotako finalean. Finala oso berdindua izan zen eta aipatzekoa da haizeak indartsu jotzen zuela kontra. Maitane Iruretagoienak irteera ona egin zuen eta lasterketa erdialdean aurrena zijoan, baina belaunean izandako lesioak sortutako molestiek ez zioten utzi progresioarekin jarraitzen eta postu hobea lortzen.

Von Wichmannek ere Euskadiko marka berria
Bidasoa AT. taldeko kide den Mikel Von Wichmannek oso lasterketa ona egin zuen, 600 metrotako finalean. Azken esprintera aurrenekoen artean iritsi zen eta bosgarren bukatu zuen. Azpimarratzekoa da finalean bere marka pertsonala bi segundotan hobetu duela, eta gainera, Euskadiko marka berria jarri duela.

Agirrezabala ez zen finalera iritsi
Enara Agirrezabalak ez zuen finalera iristeko aukerarik izan. Agirrezabalak 2 hilabete besterik ez daramazki kadete mailan, eta dagoeneko estatu mailako 5garren markarik onena jartzea lortu du. Agirrezabala ilusio eta gogo haundiarekin joan zen txapelketara, baina ez zuen finalera iristeko moduko saltorik egin. Etorkizunean izango du aukerarik eman dezakeena erakusteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!