Gero eta jende gehiagok erabakitzen du ordenadore portatila erostea, mahai gaineko ohiko ordenadorea erosi beharrean. Portatilen prezioak dezente merkatu dira azkeneko urteetan eta mahai gaineko ordenagailuen antzeko prezioak dituzte. Ordenagailu portatilek badituzte abantailak, izan ere. Gero eta ohikoagoak dira WiFi antenak hiriguneetan, eta aukera ematen dute adibidez edozein unetan dohainik internetera konektatzeko, kablerik gabe. Hernaniko Udalak duela urtebete jarri zuen WiFi antena Biteri kultur etxe gainean eta Biteri plaza inguruan funtzionatzen du. Azken urteetan atera diren portatilek WiFi sistema dakarkite, antenaren uhinak hartzen dituena, eta horri esker interneten ibili daiteke.
Erabilpena mugatua
Biteriko antenak hainbat muga ditu, esate baterako, ezin dira internetetik musika eta filmak jaisteko programak erabili. Beste hainbat web orrialdeetan ere ezin liteke sartu. Hala ere, lanerako beharrezkoak diren ohiko gauzak egin litezke: informazioa bilatu, egunkariak irakurri, mezuak bidali eta messenger-a erabili, besteak beste.
Gero eta ohikoagoa, baita etxeetan ere
Biteri kultur etxearen inguruan oraindik ez da jende asko somatzen WiFi sistema erabiltzen. Izan ere, oraindik ez dago zabaldua portatilarekin atzera eta aurrera ibiltzeko ohitura, eta jende askok WiFi antena badagoenik ere ez daki. Hala ere, gero eta ohikoa izango da eta hasi dira ADSLaren ordez, WiFi antenak jartzen etxeetan ere. Donostian tarifarekin Donostian gero eta WiFi antena gehiago jartzen ari dira eta momentuan lau puntutan daude: Reina Regenten, Zurriolan, Boulebardean, Kristina-Enean eta Alderdi Ederren. Antena horien inguruan zenbait metrotara konektatu liteke internetera. Hala ere, Donostian tarifa ordaindu beharra dago. Aurreneko aldiz sartzean eskaera orri bat bete behar da eta txartelarekin ordaindu behar da internet bidez. Egun bateko bonoak 5 euro balio du; hilabetekoak 15 euro eta 4 hilabetekoak, 45 euro.
Nola erabili WiFi sistema, Biteri inguruan
WiFi-aren bidez interneten sartzea oso erraza da. Biteri plazan egonez gero, portatila piztu, eta normalean, ordenagailuak bere kabuz harrapatzen ditu interneten nabigatzeko uhinak. Bere kasa egiten ez badu, baliteke WiFi sistema itzalita izatea. Pizteko, teklatuaren aurrekaldean izaten den botoi bat zapaldu behar da. Badabilela egiaztatzeko, Windows XP izanez gero, Escritorio-an Sarea (Mis sitios de red) izeneko marrazkian egin behar da klik xaguarekin. Irekitzen den leihoaren ezkerretara Ikusi sareko konexioak (Ver conexiones de red) aterako da eta horri klik eginez gero, zerrenda bat aterako da. Zerrendan sareko konexio ezberdinak azaltzen dira. Konexio horietako bat, Biteri gaineko WiFI antenak bidalitakoa izango da eta horrek adierazten du interneten sartzeko prest dagoela ordenagailua.