Txirrindularitza hitzetik hortzera dabil egunotan, zaletuen irrikia sortzen duen Tourra jokoan baita. Maila apalxeagoan, baina denboraldi borobila egiten ari da hernaniar bat afizionatu mailan, Garikoitz Zabaleta. Kanbotik bueltan etorri zaigu Kronikarekin zuen zitara, Tourreko izarrak pasatzen ikusita. Urte dezente daramazki dagoeneko txirrindularitza munduan: 14 urterekin hasi zen kadetetan, Donosti Berri Luma taldean. Afizionatuetan, Bruesa taldean ibili zen 2 denboralditan eta azken bi denboraldiak Bidelan-Kirolgi taldean daramazki. Aurten, dizdira berezia izaten ari da gainera.
Denboraldi borobila
Garikoitz Zabaletaren txirrindulari karreran aurtengoa ari da izaten bere urterik onena. Lasterketa garrantzitsuetan goiko muturrean dabil hernaniarra eta gustora dago orain arteko lanarekin. Hala ere, ez zuen hasiera erraza izan, erorita fisura bat izan baitzuen, baina errekuperazio ona izan du, itxura guztien arabera: Bidasoako itzulian 13garren egin berri du, Jaizkibeleraino 5garren joanda, gainera. Egun txar batek 18garren jarri zuen txirrindulari gaztea, baina 13garreneraino erremontatzeko kapaz izan zen hurrengo etapetan; Euskal Herriko selekzioarekin parte hartu du Espainiako txapelketan, bada zerbait; Bizkaiko Biran 12garren egin berri du, eta abar luze bat.
Profesionalekin lehian
Afizionatuek izaten dituzte zenbait lasterketa profesionalekin, eta hernaniarrak sentsazio oso onak izan ditu lasterketa horietan: ´Essor Basquen 17garren egitea lortu nuen; Vuelta Lleidan 28garren... gustora ibili naiz proba horietan`. Hala ere, gogoan geratu zaion proba Flandiako Tourra da ´inoiz korritu dudan politena`. Afizionatuek profesionalek baino ordubete lehenago har-tzen duten parte Flandiako Tourrean eta giro izugarria izaten omen da: ´hemengo festetako usaia izaten da hango karreran, janari postuak... eta ikusleak ere asko. Oso ondo montatua dago`.
Etapa bat amets
Oraindik denboraldi luzea geratzen da, urrira artekoa. Garikoitzek ez daki zein probatan parte hartuko duen oraindik, baina helburua bai, garbi du: ´etapa bat irabaztea`. Oso postu onak egin ditu aurten, baina badaki erronka erraza ez duela izango ´irabaztea beti baita zaila, baita, auzoko proban ere`. Horretarako alde eginda sartu beharko duela dio Zikuñaga auzoko txirrindulariak, esprinean ez baita oso ondo moldatzen. Bere gustoko terrenoa aldapa da, mendian moldatzen da ondoen: ´aldapan gora moldatzen naiz ondoen; nik ere sufritzen det, baina konturatzen naiz besteek gehiago sufritzen dutela` dio irriparrez.
Entrenatu eta zaindu
Txirrindulari afizionatuek profesionalek adinaxe entrenatzen dute, edo hor nonbait. Garikoitz Zabaleta bera egunero irtetzen da entrenatzera denboraldi aurrean, egunean 4-5 bat orduz. Neguan, arratsaldetan ateratzen da entrenatzera, goizez ikasten ari baita, eta arratsaldea motza denez, ´errekreoko bokadiloarekin` tokatzen zaio askotan bizikleta gainean jartzea, bazkaltzeko denborarik gabe. Orain berriz, ia larunbat, igande eta asteazkenero dituzte probak eta proba tarteetan ateratzen da entrenatzera, baina xuabeago. Jana-eta zaintzen ote duen galdetuta, neurri batean baietz dio txirrindulari gazteak: ´asko jaten dut, txirrindulari gehienek bezala, baina garbia. Nik etxean dagoena jaten dut hala ere, baina garbi jaten dugu`. Parrandari dagokionean, hori ere zaindu behar izaten du: ´San Ferminetan atera naiz aurten Lesakan, probatik probara deskantsu luzea baineukan, baina aurreko aldian Urte Zaharretan egingo nuen pa-rranda`. Bere hitzetan, horrek ez dio esfortzu gehiegi eskatzen, ez baita oso parranderoa.
Txirrindularitza ahoz aho
Txirrindularitza lupaz begiratzen da azken aldian, prentsan eta epaitegietan atera diren dopin hotsak medio. Presio hori afizionatuek ere sentitzen ote duten galdetuta, gehiegi ezetz esaten du Zabaletak: ´Bizkaiko biran odol kontrol bat egin digute aurten, eta lehen aldia da tokatu zaidana. Baina, gainontzean ez da gauza gehiegi aldatu. Orain saltsa pixka bat izango da, baina laster ahaztuko da. Kalean eta katxondeo gehiago entzun behar izaten dugu, hori bai, baina kezkatzeko arrazoirik ez dugunak lasai gaude`.
Profesionaletara saltoa: ilusioa bai, obsesioa ez
Afizionatuetan dabilen edozein txirrindularik nahi du profesionaletara pasa, Garikoitzek nabarmendu duenez. Berak ere ilusioa badu, baina obsesiorik ez. ´Errazagoa da lanetik bizitzea bizikletatik baino`, bere ustetan, eta ´etortzen bada ondo`, baina bestela lanean hasiko dela garbi dauka. Hurrengo urtean bukatuko ditu ikasketak 22 urte egitera dijoan hernaniarrak, ´eta gero ikusiko dugu`.