«Orain orduan baino festa gehiago egiten da»

Kronika - Erredakzioa 2006ko uzt. 16a, 03:00

Xanti Lujanbioren gazte garaian Txikierdi, Susperregi, eta Oialume izaten ziren bere festa leku nagusiak.

Xanti Lujanbio Oialumen, Txikierdin eta Susperregin (Zozperregin) ibiltzen zen festetan gazte garaian. Igandean bakarrik ibiltzen omen ziren, baina hori bai, aitortu du noiz edo noiz lanera joana dela ohea asko zapaldu gabe. Dantzan ere ibiltzen omen zen, sueltoan. Urteak pasata, Xantiren ustea da orain festa gehiago izaten dela.

Neska gazteei xaguak botatzen
Gazte garaiko kontuak lasai botatzen dituena da Xanti. Hernanin ladrilu fabrikan lanean zebilela neska gazteei xaguak botatzen omen zizkien Xantik, eta neskek izututa aldegiten omen zuten. Ez zuten oso urrutira aldegin izango. Xaguak bota zizkionetako bat da bere emaztea eta bere bost seme-alaben ama, Mañoli Olano. Bera ere ondo gororatzen da xagu haietaz. Galdetzea libre da eta orduko korteju kontu batzuk ere kontatu dizkiote Kronikari. Orduko ohiturak hala eskatuko zuen noski, eta urte bete egon zen Xanti Mañoliri musurik eman gabe «urtebete aguantatu zun bai», dio ondotik Mañolik, Xantik zion maitasuna eta sakrifizio puntua baloratuz. «Gero, han emantzian burua gora jiratu ta inor ba ote zegon begiratuta».

Manoli Olaño: «Kaxuelita goxo askoa jartzen nizun eh!»
Mañoli eta Xanti Hernanira ezkondu ziren, eta orduan Urumea kalea zenean jarri ziren bizitzen, gaurko Kardaberazen. Mañolik urtetan Hernaniko kaleko bizimoduaren adibidea ere kontatu digu. Xantik, gizonen ohitura hala izaki, lana bukatu eta Inaxionean edo Amerikanuan afaltzen zuen. Eta Mañolik eramaten zion egunero kaxuelita.

Ama bertsolaria
Xanti, Joxepa Anttoni Lasa oiartzuarra eta Inazio Lujanbio donostiarraren semea da. Ama bertsolaria zuen eta beti kantari aritzen omen zen. Jendea etxe ondotik pasaeran lehiotik begira ere gelditzen omen zen Anttoniren bertsoak entzuten. Xanti ere bertsozalea da eta bertso asko dakizki buruz. Txirritaren azken saioaren testigu ere izan zen. Xanti amarekin etorri zen Hernanira eta Txirrita ikusi zuen Zinkoenean Goizuetako autobusaren zai. Goizuetan ondoezak eman zion Txirritari eta handik gutxira hil zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!