Hiru hernaniar asteburuan izango den kadete mailako estatuko txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2006ko uzt. 14a, 03:00

GAUR eta bihar kadete mailako estatuko txapelketa jokatuko da El Prat de Llobregaten, Bartzelonan. Bertan hiru hernaniar izango dira: Maitane Irutetagoiena, Enara Agirrezabala eta Servando Rivas. Estatutako txapelketa denboraldiko zita garrantzitsuenetarikoa da eta hernaniarrak ilusio eta gogo haundiarekin dijoaz, dena ematera.

Maitane Iruretagoiena, 100 metrotan
Maitane Irutetagoienak 100 metrotan hartuko du parte. 15 urteko hernaniarrak 3-4 urte daramazki atletismo munduan. Azken bi urtetan ikaragarrizko progresioa egin eta oso marka onak lortu ditu: 100 metrotan 12.52-ko marka lortu zuen iazko denboraldian. Aurtengoan ere hobetzeko bidea egin zezakeen, baina lesioa medio, ezin izan du nahi adina eman. Asteburuko txapelketa honetan marka hobetzen saiatuko da: ´marka hobetzetik oso gertu izan naiz, baina lesioak ez dit utzi. Hala ere, esaten didate lortu dezakedala`. Maitane Iruretagoienak lortutako marka, estatu mailako markarik onenetarikoa da eta lesioak uzten badio, domina lortzeko aukera haundiak ditu. Maitane Iruretagoiena 60 metro eta 100 metrotan Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelduna izan da.

Enara Agirrezabala, luzera jauzian
Enara Agirrezabalak luzera jauzian hartuko du parte. Helburua du ahalik eta jauzirik onena egitea. Orain arte egin duen markarik onena 5 m eta 28 cm izan da (estatuko markarik onena: 5 m eta 41 cm). Euskadiko eta Gipuzkoako txapelduna izan da.

Servando Rivas, mailu jaurtiketan
Servando Rivas 14 urteko atletak mailu jaurtiketan hartuko du parte. Uztail hasieran Euskal Herriko markarik onena egitea lortu zuen, Hernaniko atletismo pistan egindako froga kontrol batean: 51, 99 metro. Marka hori errepikatzeko gai izango ote den galdetuta, Servado Rivasek dio bere burua ´kapaz` ikusten duela. Lortzen badu, estatuko sailkapenean nahiko goian ibiliko da. Atleta hernaniarrak lortutakoa ikaragarria da, kontuan hartuta aurten hasi dela mailu jaurtiketan. Horrez gain, Euskadiko eta Gipuzkoako txapeldun izatea ere lortu du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!