Xanti Lujanbiok jasoko du gaur eguerdian Kaxkoko Alkate Makila, Luis Llopis Biyoken eskutik. Kaxko auzo elkarteak Xanti Lujanbiok auzoari eskaini dion parte hartzea eskertu nahi du. Batez ere, azpimarratzekoa da Lujanbiok 50 urte daramazkiela San Juan egunean Kaxkoan lizar adarrak jartzen. Santiomenditik Hernanira bizitzera etorri zenean edadeko gizon batek egiten zuen lan hori. Gizon horrek Xantiri eskatu zion ea ohitura zaharrari segida berak emango al zion, eta mende erdian zintzo bete du bere lana. Aurten ere jarri ditu, 84 urterekin. Bezperatik lizar makilak Santa Barbaratik ekarri eta pronto jarri, eta San Juan goizean 06:00etan jartzen ditu portaletan. Ez daki bere lanak segidarik izango ote duen. Xanti Lujanbiok, (Xanti Prailia askorentzat), beste era askotara ere parte hartu du Kaxkoko ohitura eta festa giroan: Olentzerotan urte askoan atera da, Inauterietako karrozetan ere hartu du parte, eta San Joan Konpartsan zer esanik ez. Aurtengo San Joanetan ere konpartsako progatonistetako bat izan da Azurmendi tabernan.
16 urtetik lanean
Garaian garaiko kontuak izaten dira, eta Xanti Lujanbio ere 16 urterekin hasi zen lanean, ladrilu fabrikan. Zortzi orduko jornada izaten zen, eta Xanti 18 orduko lan bolumena egiten zuen denbora horretan. Hartara, egunean 11 pezeta irabazi beharrean, 14 pasa ateratzen zituen. Lan klase asko egin ditu Xantik bere bizitza laboral luzean: kurtidoran, Zikuñagako papeleran, mendi garbitzen, ikuiluan, Santa Barbarako harrobian... Azken 25 urteak Gureolan egin zituen.
‘Hamaika erbi ta basurderi/ kendutakoa bizia’
Horrela bota omen zion behin Paulo Txikia zenak Xanti Lujanbiori. Halaxe kontatu dio berak Kronikari, eta Paulo Txikiak ere jakingo zuen zerbait. Xanti 16 urterekin lanean ez ezik ehizean ere hasi zen, eta horixe izan da bere afizio haundienetakoa. Erbitan, usotan eta batez ere basurdetan. 29 zakur batera izandu ditu Xantik Santa Barbaran. Alaba Pili ere behin ha-rrituta gelditu omen zen zakurrek Xantiri zer errespeto zioten ikusita. Beste behin, mendian basurdetan zela Xanti galdu egin omen zen, ilunak harrapatuta. Zakurrak beste ehiztariekin zeuden, baina egon ezinik, Xanti azaltzen ez-eta. Haietako batek aldegin eta berak bilatu omen zuen nagusia mendian. Basurdetan, zakurrekin basurdea altxatzen ibiltzen zen Xanti, gehiena Hueska aldean. Ehiztariek konta-tzen dutenak erakusten du Xantik nolako kasta eta sasoia izango zuen: zakurrak aurretik beharrean askotan atzetik izaten omen zituen. Mendiko larrari ere apenas beldur haundirik zionik. Zakurra pasatzen ez zen tokian Xanti Prailia pasatzen omen zen.
Fusilatuak ikusi eta anaia kendu zioten mutilkozkorra
Hamalu urte zituela harrapatu zuen Xanti Lujanbio gerrak. Xanti Santiomenditik Añorgara joaten zen txerri jatenaren bila. Oraindik ondo gogoan dauka nola Cuesta de la Muerten gora zijoala soldaduak ikusi zituen. Objetu pertsonalak erretzen ari omen ziren (hortzetako zepiluak-eta...). Gero konturatu zen bazterrean bost gizasemeren gorputzak zeudela lurrean. «Hantxe zeuden lurrean botata, hankak eta besoak bistan zituztela. Gero ezkutatu zituzten kanposantura». Xanti Lujanbiori ez zitzaion, ordea, gerran testigu izatea bakarrik egokitu. Faxistek 19 urteko anaia eraman zioten etxetik, Leandro. Familian eginahalak jo zituzten etxekoaren bila. Denbora luzean ez zuten jakin bizirik zegoen ere. Kuartel asko pasata, taberna batean jakin zuen anaiaren berri latza. «Ama eta biok ginan, ta bila ari ginanetako batean, taberna batean sartu nitzan ni. Ama kanpoan gelditu zan zai. Basoerdia eskatu eta bazekit zertara hatorren erantzun zidan nagusiak. Harek lanak egin dizkik, bota zidan gero. Tabernatik atera, amari esan eta etxera». Geroztik hamaika saio egin du familiak Leandroren gorputzaren bila. Oraindik ez dute arrastorik.