Jexu Mari Irazu eta Jokin Uranga bertsotan gaur Kixkal tabernan

Kronika - Erredakzioa 2006ko uzt. 14a, 03:00

Saioa arratsaldeko 19:30etan hasiko da. San Inazio eguneko festari hasiera emateko saioa da gaurkoa.

Jexux Mari Irazu eta Jokin Uranga bertsolarien saioa izango da gaur Kixkal tabernan, arratsaldeko 19:30etan. Hernanin bizi den larrauldarrak eta azpeitiarrak estilo desberdinak dituzte bertsotarako, baina biek ere bertsokera bizia. Gai libreko saioa izango dute, taberna barruko goiko barandatik. Saioa Morkaiko Kultur taldeak antolatu du, San Inazio egunean Santa Barbaran antolatuko duten festa girotzen hasteko. San Inazio eguneko festa prestatzen Morkaiko kultur taldeak jakitera eman duenez, prestatzen ari dira San Inaziotako festa. Aurten ere herri kirolak izango dira festako ardatzetako bat: bi talde ariko dira elkarren aurka aizkoran, txingekin eta lokotx biltzen. Horrez gain, meza, omenaldia, trikitixa, bertsolariak, toka eta haurrentzako jolasak ere izango dira Santa Barbaran, eta nola ez, bazkaria izango dute. Morkaiko taldeko kideek jakitera eman dutenez, laster jarriko dituzten bazkari txartelak salgai eta emango dute horren berri.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!