Zein zerbitzu eskaintzen dira Lanbide-ko bulegoetan?
Lanbide-ko bulegoetara, batetik, lan bila dabilen jendea etortzen da: langabezian daudenak, eta lana edukita lana aldatu nahi lukeen jendea. Etortzen den jende askok ez du jakiten zertan egin dezakeen lan eta bere ikasketa eta esperientzia aztertuta perfil bat osatzen laguntzen diogu, baita curriculuma osatzen ere. Lan bila dabiltzan petsona hauek 3 hilabetero fitxa bat berritu behar dute Lanbide-ko datu basean egoteko. Bestela baja ematen zaie. Bestetik, langileak behar dituzten enpresek ere Lanbide-ko bulegoetara jotzen dute. Enpresek inprimaki bat betetzen dute, enpresaren datuak jasotzen dituena, eta lanpostua deskribatzen duena. Perfil hori betetzen duten pertsonen curriculumak enpresetara bidaltzen dira.
Zein sektoretan dago langile premia gehien?
Komertzialak, ostalaritza munduko langileak (tabernari, sukaldari eta zerbitzariak), etxez etxeko laguntza zerbitzuan hirugarren adinekoekin lanean aritzeko langileak, adinekoekin lan egiteko kliniketako laguntzaileak, banatzaileak, tornulariak (kontrol numerikoa dakitenak eta konbentzionalak) eta elektrizistak dira lan eskaintza gehien izaten dituztenak. Hala ere, era guztietako eskaintzak jasotzen dira: administrariak, obra zuzendariak eta abar luze bat.
Lan eskaera asko jasotzen al dituzue eta zein neurritan aurkitzen dute lana?
2005eko irailetik ekaina amaiera arteko datuei erreperatuta, guztira 623 lan eskaintza jaso dira enpresetatik. Horietatik, 367k jakinarazi digute guk bidalitako langileak hartu dituzten ala ez. Erantzun horien arabera, 125 langile kontratatu dira. Hala ere izango dira lana aurkitu duten langile gehiago, enpresek curriculumak gorde egiten dituztelako eta aurrerago ere erabil ditzaketelako. Aipatutako epe horretan, lan bila aurreneko aldiz 52 pertsona etorri ziren. Curriculuma berrikustera 159 pertsona, 3 hilabeteroko dokumentua berritzera 65 pertsona, eta bajan egonda alta ematera 39 pertsona etorri ziren.
Nola jarri daiteke harremanetan Lanbideko bulego honekin?
Uztailean udako ordutegia dugu, astelehenetik ostiralera, goizeko 08:30etatik 14:00etara. Abuztuan itxi egingo dugu. Irailean betiko ordutegiarekin hasiko gara: goizeko 08:00etatik 14:30etara, astelehen, asteazken eta ostiraletan. Astearte eta ostegunetan goizeko 08:00etatik 17:30etara lan egiten dugu, jarraian. Telefono zenbakia 943-551411 da eta helbide elektronikoa langai@hernanibhi.com. Web orri bat ere badugu: www.lanbide.net Ordenadorerik ez dutenei edota erabiltzeko zailtasunak dituzenei lagundu egiten diegu bulegoan.