UDALAK erakusketan jarri du herrigunean TAOa jartzeko proposamena. Proposamena LEBER enpresak egin du eta paneletan ikusi daitezke: TAO zein kaleetan jarri nahi den eta TAO motak, helburuak, herriko aparkamenduei buruzko hainbat datu, eta abar. Erakusketa aurkezten eta TAOren inguruko azalpenak ematen izan ziren atzo Biterin: Iñaki Arratibel, Hirigintza Zinegotzia; Antxon Costa, Udaltzaingo zinegotzi arduraduna; eta Teodoro Zuloaga, Udaltzaingo burua. Erakusketa hau 2003an mugikortasunari buruz egin zuen ikerketaren haritik dator. Leber enpresak egin zuen ikerketa honetan, besteak beste, aparkamendu gutxi zeudela atzeman zen eta TAO sistema jartzeko aukera ere aztertzen zen.
Proposamenak egiteko gonbitea
Azaldutakoaren arabera, erakusketa 2 hilabetez egongo da Biterin eta garbi utzi dute, aurkeztutakoa proposamena besterik ez dela. Hori dela eta, herritarrak gonbidatu nahi dituzte proposamenak egitera eta iritzia ematera. Proposamenak bide ezberdinetatik egin daitezkeela ere azaldu dute: Udaletxera jota, auzo elkarte edo Berriak elkartearen bidez. TAO sistemaren helburua da erraztasunak jartzea erosketak herrian bertan egiteko. Horrela, herriko komertzioa bultzatuko litzateke. Beste helburu bat ere badu TAOak, hiriguneko bizilagunek egunean zehar bertan aparkatu ahal izatea, orain oso zaila baita. TAO eremu ezberdinak TAOak 4 eremu ezberdin izango lituzke, bakoitza funtzionamendu eta helburu ezberdinarekin: 1) Denbora motzekoa. Izpizua kalea. Gehienez 2 ordu aparkatu ahal izango da. Gero eta denbora gehiago egon, ordaindu beharreko kopurua igo egingo da, modu ez linealean. Auzokoek ezin izango dute bertan aparkatu. 2) TAO normala. Atzieta, Elkano, Zinkoeneako buelta, Urbieta kaleko zati bat, Aristizabal, Florida, Karmelo Labaka, Txirrita, eta beste hainbat kale. Lau orduz aparkatu ahal izango da gehienez. Prezioak ez dira linealak izango. Agiria duten auzotarrek aparkatu ahal izango dute. 3) Komertzio gutxi dagoen eremua eta irteerarik ez duten kaleak. Orkolaga, Biteri kalea eta Oarso. Bizilagunek bakarrik aparkatu ahal izango dute. 4) Denbora luzeko aparkamendua. Milagrosako aparkamendua. Egun erdi edo egun osoko egonaldiak egin ahal izango dira.
Bilerak orain artean
Zinegotziek azaldutakoaren arabera, TAOaren inguruan bilerak egin dituzte Kaxko elkartea eta Berriak elkartearekin. Bilera horietan, denak ere bat etorri dira aparkamendu gutxi dagoela esatean. Orain eztabaida da TAO sistema soilik jarri behar den, ala beste sistema batzuekin batean jarri behar den: garraio publikoa, esaterako.