KARABELGO zubia konpontzen ari dira egun hauetan. Obra Diputazioa ari da egiten eta momentuz zubiko zutabeak eta hormak konpontzen ari dira: pitzadurak eta zartadurak konpondu, harria txukundu eta belarrak kenduko dituzte. Barandilak ere konponduko dituzte eta espaloietan dauden akatsak ere bai. Obrak 494.000 euro inguruko aurrekontua du.
24 arkutako zubia desnibela gainditzeko
Karabelgo zubia Hernanitik Astigarragara dijoan GI-131 errepidean dago eta Urumea ibaiak sortzen duen desnibela gainditzeko eraiki zen. Karabelgo zubiak 24 arku ditu eta horietatik 18 desnibela gainditzeko eraiki ziren. Beste hiru arkuk Urumea ibaia zeharkatzen dute eta beste arku zabal batek trenbidea hartzen du tartean. Beste arku baten azpitik oinezkoentzako bidea du eta autoentzako bidea dijoa beste baten azpitik.
1949 urtean inauguratu
Karabelgo zubia 1949garren urtean inauguratu zen. Zubia eraiki aurretik Hernanitik Astigarragara edo Frantzia aldera joateko bi aukera zeuden: Floridara joan Errege Bidetik eta Ergobiko zubia pasa, edo Balantxako aldapa jaitsi. Norteko trena eraiki zutenean bide berri bat eraikitzeko premia sortu zen, izan ere trenbideak bide zaharrak gurutzatzen zituen. 1905ean Diputazioak proposamena egin zuen bide berria eraikitzeko trenbide ondotik baina bertan behera gelditu zen proposamena. Beste proposamen batzuk ere izan ziren, Diputazioaren eta Udalaren eskutik. 1945ean Jose Maria Gabarainen proiektua onartu zuten. Garaiko 5 milloi pezetatako kostua Jose Maria Gabarainen proiektua egitea garaiko 5.725.834 pezeta kosta zen. Proiektuan garbi ikusten zen Ergobia eta Zinkoenea lotzen dituen 2.503 metroko errepidea. Errepidea Urumea ibaia eta trenbidearen gainetik pasako zen biaduktu bat eginez, gaur egun ikusi daitekeen bezala. Lau urte behar izan ziren zubia eta errepidea eraikitzeko. Azkenean, 1949garren urtean inauguratu zen errepidea, Karmelo Labaka bikarioaren bedeinkazio eta guzti.