Karmen jaiak datorren igandean ospatuko dira Hernaniko Kaxkoan. Egitarau zabala dago prestatua festarako, goizetik gauera bitartekoa, eta festan parte hartzea aurretik ziurtatu nahi duenak aukera izango du aste guztian zehar. Urtero Plaza Berrin egiten den herri bazkarirako txartelak dagoeneko salgai daude hiru dendetan, 15 euroan: Haizea kortseterian, Peña janari dendan eta Jaione konjelatuetan.
Bestalde, aurten, festak girotzeko asmoz, Kaxko auzo elkarteak banderolak eta zapiak atera ditu festetako logotipoarekin, eta jendea animatu nahi dute erostera. Horretarako, kalean postua jarriko du Mikel Lujanbiok, eta astelehenetik ostiralera egongo da bertan (Kale Nagusian, Eroski bidaiaken ondoan). Banderolak, zapiak eta bazkari txartelak salduko ditu Lujanbiok.
Prezioa: banderolak 5 euro, zapiak 3 euro eta bazkari txartelak 15 euro.