bukatu dira Martindegiko San Fermin jaiak, eta aurten ere jende asko ibili da auzoan, bertako eta inguruko, antolatzaileek jarritako ekintzetan. Egunez eta gauez, auzoa festa giroan sartuta egon da, eta antolatzaileek pozik bukatu dute, jendearen parte hartzea haundia izan baita.
Abere-dema eta herri kirolak
Jende gehientsuena larunbat gauean eta igande eguerdian bildu zen Martindegin, abere-demak ikustera eta herri kiroletara. Abere-dema hernaniarrek irabazi zuten, Imanol Paollak eta Txintxuak, Tor zaldiarekin. Lan dotorea egin zuen abereak: 30 minutuan 93 plaza, eta Urnietako Azkonetaren behorrak ez zuen marka hobetzerik izan, 86 plaza eginda. Marka ederrak biak ere, gero eta fama haundiagoa hartzen ari den espektakuloak merezi bezelakoak. Igande eguerdian herri kirolek bildu zuten jendea. Apustu polita zuten ikusgai inguratutakoek: Nazabal aizkolaria Telletxea eta Etxeberriaren kontra; batek biri. 12na enbor moztu zituzten, 20 minutu inguruan, eta Nazabalek erakutsi zuen zergatik dabilen punta-puntako aizkolarien artean. Aizkolarien aurretik eta ondoren, Ostolaza harrijasotzailea izan zen. Ostolazak 125 kiloko hiru harri ekarri zituen, eta 2 minutuko tandatan egin zituen altxaldiak. Lehenengo tandan 125eko kopari 24 jasoaldi eman zizkion; bigarrenean kubikoari 14 altxaldi; eta hirugarrenean, bolari 15 altxaldi.
Bertsolariak, trikitixa, toka...
Eguna bukatzeko, ordea, oraindik bazen festazaleentzat aukera. Arratsaldeko 17:00etatik aurrera trikitixa txapelketa, toka txapelketa, txinga proba eta dantzaldia izan zuten Etxabe anaiekin. Tartean, Mendiluze eta Lizaso bertsolariek alaitu zuten giroa.