Hirigintza Batzordeak lehen onarpena eman dio Txantxilla eta Karabelgo arau subsidiario aldaketari

Kronika - Erredakzioa 2006ko uzt. 9a, 03:00

Txantxillan 162 etxebizitza inguru dituzte egitekoak, 95 tasatuak eta 67 prezio librekoak. Karabelen, berriz, 136 etxebizitza inguru daude aurrikusita, 56 babestuak eta 80 prezio librekoak.

Hirigintza Batzordea bildu zen ostiralean Udaletxean eta Txantxilla eta Karabelgo arau subsidiario aldaketa puntualak izan zituzten eztabaidagai. Txantxillan 162 etxe dituzte egitekoak eta Karabelen 136 etxe. Txantxillan egingo dituzten etxeetatik 95 tasatuak izango dira eta 67 prezio librekoak. Karabelen berriz, 56 babes ofizialekoak izango dira eta 80 prezio librekoak. Ostiralean onartu zen puntuetako bat da, bi proiektuak batera tramitatzea eta etxebizitza kopuru horri dagozkion babes ofizialeko etxe guztiak Karabelen egitea. Txantxillan, berriz, prezio librekoak eta tasatuak (aurretik zehaztutako prezio batekoak) izango lirateke.

Tramite luzea

Arau subsidiario aldaketa Plenoak berretsi behar du orain eta esposizio publikoan jarriko dute gero, alegazioak aurkeztu ahal izateko. Ondorenean, Diputazioak eman beharko dio baiezkoa. Gero etorriko lirateke proiektu eta gainerakoak. Beraz, luzerako joko du oraindik Txantxilla eta Karabelgo tramiteak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!