URUMEA bailarako bizilagunek asteazkenean bilera egin zuten Erraustegiaren aurkako mugimenduarekin jarraitzeko. Bileran hartutako erabakien artean, Ereñotzuko Olak auzoelkartean Urumea Bailara Bizirik taldea sortu eta erraustegiaren aurkako mugimenduan lan talde ezberdinak osatzea izan zen: informazioa bildu eta zabaltzeko taldea, instituzio eta prentsa harremanetarako taldea eta abar.
Gaur manifestazioa Errenterian
Gaur arratsaldeko 18:30etan manifestazioa izango da Errenterian Errausketaren aurka. Manifestazioa Errenteria-Orereta Bizirik plataformak eta Landarbasoko bizilagunek antolatu dute, eta zenbait eragileren atxikimendua jaso dute. Ereñotzu eta Epeleko bizilagunek ere deialdia luzatzen diete erraustegiaren aurka dauden hernaniar guztiei, manifestaziora joateko. Manifestazioa arratsaldeko 18:30etan abiatuko da Errenteriako herriko enparantzatik.
2.000 sinaduratik gora
Urumea bailarako bizilagunek Erraustegiaren aurkako sinadura bilketa eta informazio banaketa hasi zuten San Joanetan. Ostegun arratsaldean, ekimen honekin jarraitu zuten ferian, eta dagoeneko 2.000 sinaduratik gora bilduak dituzte.