Xanti Lujanbiok jasoko du Kaxkoko alkate makila eta Agustinatako monjak omenduko dituzte aurtengo Karmen jaietan

Kronika - Erredakzioa 2006ko uzt. 8a, 03:00

Bihar zortzi izango dira, uztailaren 16an. Egun guztiko egitaraua prestatu du Kaxko elkarteak, goizeko 09:00etatik iluntzera artekoa

Uztailaren 16a da Karmen eguna, eta Kaxkoan festa izango da, goizetik gauera. Aurten, Xanti Lujanbiori emango diote Alkate makila, bere etxe aurrean, Andre Kale 62an. Bestalde, Karmen jaietan omenaldi berezia egingo zaie Agustinatako monjei, aurten etorri baitira ostera ere Hernanira. Bi omenaldi horiez gain, festarako egitarau zabala antolatu dute goizeko 09:00etatik iluntzera arte, besteak beste, trikitixa, balkoi lehiaketa, karta jokoa, gaztelu puzgarri, txokolatada eta sardin janarekin.

Zapiak eta banderolak

Festak girotzeko zapi eta banderolak atera ditu Kaxko auzo elkarteak festetako logotipoarekin. Zapiak 3 eurotan salduko dituzte eta Banderolak 5 eurotan. Mikel Lujanbiok salduko ditu Eroski Bidaiak ondoan, Kale Nagusian, bihar eta hurrengo aste osoan.

Bazkari txartelak salgai

Karmen jaietan herri bazkaria izaten da urtero-urtero Plaza Berrin eta ohitura onak ez galtzeko, aurten ere antolatu dute. Txartelak salgai daude 15 eurotan, Haizea korseterian, Peña janari dendan eta Jaione Konjelatuetan. Horrez gain, Mikel Lujanbiok ere salduko ditu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!