Atzo egun polita, eta luzea izan zuten Martindegiko San Ferminetan ordu txikietaraino ibili zirenek. Goizetik hasi zuten Mobida baserriz baserri, eta egunaren bukaeran ere ez zen mugimendurik falta San Ferminetan. Herri bazkariak lagun arteko giroa piztu zuen, eta urtero bezala, afalostean jende dexente bildu zen abere demak ikustera: Imanol Fagollagaren zaldia, Urnietako Azkonetaren behorraren kontra (erredakzioa itxi dugunean emaitzarik ez genuen oraindik). Goizaldean urteroko platano dantza lehiaketa zuten, indarrean zebiltzanentzat.
Egun guztiko festa gaur ere
Gaur ere ezta faltako proba eta txapelketarik Martindegin. Eguerdiko 12:00etan Ostolaza harrijasotzaileak erakustaldia egingo du eta ondoren aizkoran neurtuko dira Telletxea eta Etxeberria bikotea Nazabalen kontra. Trikitixa txapelketa ere badute 17:00etan; bost bikote eta tartean lau hernaniar: Ugalde, Pagola, Murua eta Vangeneberg. Toka txapelketa 18:00etatik 19:00etara eta Txinga proba 19:30etan. Horrenbeste proba artean Lizaso eta Mendiluze bertsolariak ariko dira, horiek ere elkarri neurria hartu nahian, 13:00etan eta 19:00etan. Etxabe anaien dantzaldiaren ondoren, festa amaiera kalejiran egingo dute, auzoan zehar.