Zinkoenean hasitako harrera Plazan bukatu behar izan zuten, Ertzaintzak galerazita

Kronika - Erredakzioa 2006ko uzt. 7a, 03:00

18/98 sumarioan auzipetutako Teresa Toda, Elena Beloki, Iñaki Zapiain eta Olatz Altunari harrera egin zieten asteazkenean Hernanin.

18/98 sumarioan auzipetutako lau kideri harrera egin zitzaien asteazkenean Hernanin, Madrildik bueltan zetozela, baina Zinkoenean hasi zena Plazan bukatu behar izan zuten. Ertzaintzak harrera bertan behera uztera behartu zituen, Atzietatik behera zetorren trafikoa mozten ari zirela-eta. Antolatzaileen hitzetan, ez zuten baimenik eskatu trafikorik moztu behar ez zutelako, baina Ertzainei hau azaltzera joan zirenean identifikatu arazi egin zituzten. Harrera ekitaldia hasi, hasi zen Zinkoenean, baina, dantzariek agurra bukatu orduko, ertzainak sartu ziren tartean eta Zinkoenean bildutakoak Gudarien plazara igo eta bertan bukatu behar izan zuten harrera ekitaldia.

Bertan behera uzteko eskaera -
Antolatzaileek nahiz auzipetuek 18/98 auzia bertan behera uzteko eskatu zuten herenegungo ekitaldian. Astero-astero Madrila deklaratzera joan behar duten kideen egoeraren berri eman zuten, horrek dakartzan kostu pertsonal eta ekonomiko haundien berri. Sartzen ari omen garen garai berrietan, horrelako auziek lekurik ez dutela azpimarratu zuten. Horrez gain, Ertzaintzaren jarrera ere salatu zuten eta Eusko Jaurlaritzari horrelako jarrerak aldatzeko eskatu zioten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!