Servando Rivas mailu jaurtilari gazteak kadete mailako errekor berria jarri du, Sagastialdeko kirol pistan egindako proba kontrol batean, eta nola gainera. Aurreko Euskal Herriko marka orain 3 bat aste berak jarri zuen, aurretik jarria zegoen marka 10 zentimetrotan hobetuta. Oraingoan, berriz, 4 metroan hobetu du bere marka, mailua 51,99 metroan botata, eta estatu guztiko 2-3 onenen artean egon litekeela erakutsi du.
Gogotik entrenatzen
Servando Rivas gogotik ari da entrenatzen azken aldian eta gora egin du nabarmen. Pello Errasti mailu jaurtilariarekin entrenatzen du Rivasek eta horrek asko lagundu dio. Errasti estatuko onenetan dago mailu jaurtiketan, eta Hernanin bizi denez, bera prestatu da herriko gazteei ofizioa erakustera. Hernanin Rivas bakarra da jaurtilaria, baina ikasle kualifikatua. Kadete mailako azken urtea izango du aurtengoa eta datorren urtean jubeniletan ari beharko du kilo bat gehiagoko mailuarekin, 5 kilokoarekin.
Estatuko txapelketak
Uztailaren 15 eta 16an dira izatekoak Estatuko txapelketak, Bartzelonako Prat de Llobregaten. Hernanitik atleta dezente izango dira bertan eta tartean, Servando Rivas bera izango da. CD Hernaniko Atletismoko arduradunen hitzetan, hernaniarrak aukera haundiak izan litzazke dominaren bat lortzeko, lehengoan Sagastialden bota zuen adina urruti botatzen badu behintzat. Erreferentzia moduan, Caceresen 5garren egin berria da Servando Rivas, mailua 44 metroan botata. Orain 8 metro urrutirago bota du eta marka horrekin irabazteko moduan izango zen.