Hernanitik atera gabe ere ez da festarik falta San Ferminetan

Kronika - Erredakzioa 2006ko uzt. 8a, 03:00

Gaur goiz-goizetik hasiko da giroa, auzoan zehar egingo duten kalejirarekin. Eguerdian bazkari herrikoia izango dute eta saltsa ez da gauean ere geldituko, Traketsen dantzaldia eta platano dantzarekin.

Martindegin urteroko ohiturari jarraituz San Ferminak ospatzen ari dira aurten ere. Gaur eguna argitzen duenetik ez da giro izango auzoan: goizeko 07:00etan kalejirak esnatu egingo ditu lotara joandakoak, baina atzo ohera joan ez zirenek ere ondo pasatzeko aukera izango dute seguru. 08:00etan egun luzea indar betez gozatu ahal izateko lo kuluxka egingo dute auzotarrek. Beharko bai, ondoren datorrena ez baita nolanahikoa izango: 11:00etan auzoko baserrietan Mobida izango da, trikitixaz alaituta. Gero, 13:00ean Juan Mari Ormazabal Tturkori omenaldia egingo diote; aurten hamabost urte beteko dira Bilbon hil zutenetik. Omenaldiarekin batera auzoko presoei lore-eskaintza ere egingo zaie. Bazkalordua hurbiltzearekin batera eta gosea pizten hasteko, sokatira herrikoia izango da. Zein etorriko ote dira aurten indartsuago, ezkonduak ala ezkongabeak? 14:00etan ikusiko da. 14:30etan denak mahaira, bazkari herrikoia eta bazkaloste are herrikoiagoa izango dira Martindegira hurbiltzen direnentzat.

Gauez Trakets eta platano dantza

Arratsaldeko gaztelu puzgarri, zezentxo eta zalditxoen ondoren, gaueko 23:00etan Abere Dema izango da, Imanol Fagollagaren zaldia eta Urnietako Azkoneta behorraren artean. Gau erdian Trakets taldea taula gainera igoko da. Dantzaldiaren atsedenaldian San Fermi-netako birika eta eztarririk osasuntsuenak zeinek dauzkan ikusiko da, irrintzi lehiaketan. Oraindik gehiago nahi duena ez dadila urrutira joan, goizaldean platano dantza egingo baitute.

Bihar Euskal Festa, bertsolari, trikitilari eta herri kirolekin

Gaurkoarekin nahikoa ez dutenek bihar ere izango dute nahi adina festa Martindegin. Goizeko 10:30etan diana joko dute eta hortik aurrera Euskal Festari hasiera emango diote. Eguerdian Ostolaza harrijasotzailearen erakustaldia izango da, baita Nazabalek aizkoraz Telletxea eta Etxeberriaren kontra egingo duen apustua ere. Ordubatean berriz, Sebastian Lizaso eta Aitor Mendiluze ariko dira bertsotan.
Arratsaldeko 17:00etan X. Trikitilari Txapelketa izango da, Gipuzkoa osotik etorritako bost bikoterekin; tartean Irati Ugalde, Mirari Pagola, Maialen Murua eta Alaitz Vangeneberg hernaniarrak. Bukatzean toka txapelketan begi onena eta eskumutur trebeena zeinek daukan ikusteko aukera izango da. Gero bertsolariek bigarren saioa egingo dute, arratsaldeko 19:00etan.

Festen bukaera ere dantzan

Ordu erdi beranduago, honezkero fama handikoa bihurtu den txinga proba jokatuko da, Etxabe Anaien dantzaldia hasi aurretik. Festei bukaera emateko auzoan kalejira egingo dute, gau partean. Gero atsedena: datorren urteko San Ferminetarako gutxiago faltako da astelehenean egunak argitzen duenean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!