Liburutegia Biteritik atera eta jendearengana errazago iristeko helburuarekin, Tilosetan Udako liburutegia jarri dute, abuztu bukaera arte. Bertara inguratzen direnek prentsa, ipuinak, komikiak eta nobelak irakurtzeko aukera izango dute, eta baita mailegu zerbitzu bidez etxera eramateko aukera ere. Ordutegia goiz eta arratsaldekoa du Tilosetako liburutegi berriak: 11:00-13:00 eta 18:00-20:00.
´Jendea harritu egiten da`
Xabier Erdoziak, liburutegiko arduradunak, Kronikari esan dionez, jendea harritu egin da Tilosetan postu berria ikustean: ´jarri genuenean San Joanetako txosna batzuk bazeuden oraindik eta jendea deskolokatua ibili da, hau ere txosna ote den galdezka`. Jende dezente inguratzen da zer den galdetzera, eta ideia oso ondo hartu dute orokorrean herritarrek. Orain, 300-400 bat liburu daude aukeran, adin maila desberdinetako jendearentzako, eta liburu gehiago ekarri eta aldatzeko asmoa ere badute Erdoziak Kronikari esan dionez. Aurrerago, berriz, mahai eta silak ere jartzekoak dituzte, jendeak Tilosetan bertan gustorago irakurtzeko aukera izan dezan.
Arratsaldetan irekia
Tilosetakoak Biteriko liburutegiak bezalaxe funtzionatuko du: bazkide egiteko aukera izango da, liburuak mailegu bidez hartzeko, bertan irakurtzeko... gainera, udan Biteriko liburutegia itxita egoten da arratsaldeetan eta liburuak Tilosetan entregatu ahal izango dira.
Aurrerako asmoz
Hernanin hasi duten egitasmoa ez da berria, beste zenbait herritan ere badira antzeko udako liburutegiak: hondartzan, igerilekuan... Hernanikoa ere jarraipena izateko sortu da arduradunen hitzetan, ez da aurtengo bakarrik sortu den egitasmo bat. Baina, ezer baino lehen zein erantzun izaten duen ikusi nahi dute.