Astelehen goizean bota zuten Gazte Txabola udalaren aginduz eta Gazte Asanbladak bilera egin zuen astelehenean bertan, egoera aztertzeko. Kronikari azaldu diotenez, gaur arte inongo keja eta arazorik ez dute izan Gazte Asanbladako kideek bizilagunekin, eta inongo abisurik eman gabe kendu die udalak txabola. Nabarmendu nahi izan dute ekintza ugari ari zirela egiten Gazte Txabolan: Akelarreko entsaioak, tailerrak, dantza ikastaroak, hitzaldiak, bertso afariak... eta orain lekurik gabe utzi dituztela salatu dute. ´Hainbeste gaztek egindako gauza bat zergatik bota dute?` Gazte Asanbladak galdetzen du zergatik udalak kendu behar duen ´hainbeste gaztek egindako gauza bat, beti erabilera ona eman zaionean`. Poliki-poliki txukuntzen ari zirela eta hor jarraitzeko asmoa zutela nabarmendu dute Gazte Asanbladako kideek eta salatu dute udalak ´herria hilda dagoenean` bota duela txabola, San Joanak pasa berritan.
Beren gauzak eraman
Gazte Asanbladak salatu duen beste gauza bat da, abisurik gabe bota dutenez, txabolan zeuzkaten gauza guztiak eraman dizkietela: ´erremintak, Akelarreko gauzak, mahaiak, aulkiak eta abar`, jakitera eman dutenez.
Mobilizazioak
Ostiralerako manifestazioa deitu du Gazte Asanbladak Gazte Txabola kendu izana salatzeko, 20:00etan, Plazan. Bestalde, gaur prentsaurrekoa ematekoa dute, 20:00etan, Gazte Txabolan bertan, eta 19:30etan, kazerolada egingo dute herrian barrena, jendea igo arazteko.