Bardenas Extrem, mendi bizikleta proba gogorra, joan den asteburuan jokatu da, Nafarroako Bardenetan, eta Julen Rodriguez Salvador hernaniarrak irabazi du, 4:50:34 denborarekin. Donostian bizi den hernaniarra fin dabil probatan, eta aurten Urnietako proba eta Ejea de los Caballerosekoa ere irabaziak ditu dagoeneko. Bardenetakoa oso gertu ikusi izan duen garaipena da hala ere, dagoeneko bi alditan hirugarren egina baita. Kronikari esandakoaren arabera, azken jaitsieran ´erori edo irabazi` joan zen eta horrek eman dio garaipena, neurri haundi batean. Nafarroako proban jende askok ematen du izena, baina lehenengo postuetakoak izaten dira disputatzen dutenak eta jende asko da egun pasa ateratzen dena, bukatzeko helburuarekin, Rodriguezek berak esan digunez.
Adarra bueltan entrenatuta
Denbora ateratzen duenean entrenatzen du hernaniarrak; azken aldian, astean 5 bat egunetan. Adarra ingurua du gustoko forman jartzeko, aldapa tokia baita hori, eta hor ibili da Bardenetako proba prestatzen ere. Indarra eta sasoia ez ezik, bizikleta gaineko abildadea ere garrantzitsuak dira proba hauetarako Rodriguezen arabera, zuloak, harri sueltoak eta horrelakoak asko izaten baitira. Hurrengo erronka Zaragozan izango dute Bardena Negran, baina ´lasai` joateko asmoa omen dute. Seguru proba hastean elkar berotzen dutela, hala ere.