Datorren ostiraletik igandera, San Fermin jaiak Martindegin

Kronika - Erredakzioa 2006ko uzt. 4a, 03:00

Festen hasierako diana ostiral goizeko 10:00etan izango da eta bukaerako kalejira igande iluntzean. Asteburuan, ekitaldi ugari izango dira.

Datorren ostiralean hasiko dira Martindegiko festak, San Fermin egunarekin. Aurten ostirala egokitu da San Fermin eguna eta festa guztiak jarraian egingo dituzte, ostiral, larunbat eta igande. Ekitaldiz ondo osatuak izango dira aurtengo San Ferminak, propio auzotarrentzat prestatuak, baina Hernanitik bisitari asko jasotzen dutenak.

Ostiralean, sagardo dastaketa
Ostiral goizean, hildako auzotarren aldeko meza izango da diana ostean, eta haurrentzako jolasak izango dituzte ondorenean, baita arratsaldez ere. Ilunabar aldera, patata tortilla txapelketa izango da eta sagardo dastaketa ondorenean. Lehen egun honetako ekitaldi arrakastatsuena izaten da sagardo dastatzea, Martindegi aldea sagardotegien kabia izaki. Egunari bukaera Laiotz taldearekin emango diote, dantzaldian eta atsedenaldian, Martindegiko festetako bereizgarri bihurtu diren gau jolasak izango dituzte.

Larunbatean, abere dema
Eguna kalejiran hasiko dute gaupaseroek larunbatean, eta egitarauan ere azaltzen den lo kuluxka egiteko aukera izango dute gero. Juan Ormazabal Tturko zenari omenaldia eta auzoko presoei lore eskaintza egingo dizkiete eguerdi aldean, urteroko moduan. Ezkonduek eta ezkongabeek indarrak neurtuko dituzte bazkal aurretik sokatiran eta herri bazkaria izango dute ondorenean. Azken urteetan arrakasta haundia izaten ari duen abere dema, berriz iluntzean izango da, Imanol Paollaren zaldia eta Urnietako Azkonetako behorraren artean. Goizaldean Trakets taldearekin dantzaldia izango da, platano dantza eta guzti.

Igandean, euskal festa
Igandean, Euskal festa izango da egun guztian zehar Martindegin: herri kirolak, bertsolariak, trikitilari txapelketa, toka, txingak eta Etxabe anaiekin dantzaldia daude iragarrita. Festa zaleek badute non aukeratu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!