ERRENTA aitorpena egiteko epea ekainaren 27an bukatu zen eta Elkatzen taldeak, gaiaren harira, ondasunen banaketaren inguruko bere iritzia eman nahi izan du. Elkartzenek dio denon artean sortzen dugun ondasuna gehituz doala urtez urte, baina herritarren soldatak izoztuta daudela, ´lan baldintzak prekarioak dira, etxebizitza merkantzia bihurtu da, zerbitzu publikoak pribatizatuz doaz, prestazioak pobreziaren mugaren azpitik daude... eta instituzioek zerikusi zuzena dute guzti honekin` gehitu dute.
Hainbat datu
Elkartzenek datu batzuk ere eman ditu, dioenez, ´diru sarrera publikoaren %85 gure poltsikoetatik jartzen dugu, baina duin bizitzeko oinarrizko eskubideak ez dira betetzen`. Beste datu hauek ere eman ditu Elkartzenek: ´jasotzen ditugun errenta desberdinak (soldata, prestazioak), sortzen den ondasun guztiaren erdia baino gutxiago dira` eta ´errenta aitorpenaren bidez biltzen den guztiaren %91,12 berriz, gure lan errentakoa da, %0,94 higiezin errentakoa (inmueble) , %3,44 kapitalaren errentakoak (akzioak, ondasun inbertsioak) eta %4,5 enpresa eta profesionalen errentakoak`.