‘Hala Bazan’: ikasleak ipuin idazle

Kronika - Erredakzioa 2006ko uzt. 2a, 03:00

Ikasleak dira idazle Hala Bazan egitasmoan, eta horixe du helburu, gazteengan idazteko eta irakurtzeko zaletasuna bultzatzea. Egitasmoa ez da gaur goizekoa; 1997an, hasi ziren egiten eta ordutik ikasle askok idatzi du bere ipuina Hala Bazanen. Ikastetxeek klasean lantzen dituzte ipuinak eta Dobera Euskera Elkarteak argitaratzen ditu.

Formato desberdinak
Ikasleek idatzitako ipuinak formato desberdinetan argitaratu izan dira ikasturtez ikasturte, eta azken aldian orriak bereizteko markadoretan argitaratu dituzte. Ikasle bakoitzari bere ipuinaren 5-6 kopia ematen zaizkio orri bereizgarri hauen atzean, berak irakurtzeaz gain, familikoei eta lagunei ere banatzeko. 2005-2006 ikasturtean, bosgarren mailako 74 ikaslek hartu dute parte.

´Hilabete eta erdi inguruan ipuina lantzen dugu`
Langile ikastola da Hala Bazan egitasmoan parte hartu duen ikastetxeetako bat. Bertako arduradunek Kronikari esandakoaren arabera, hilabete eta erdi inguruan lantzen dute ipuina testu moduan 5garren mailan eta bukaeran ipuin bat egin behar izaten du ikasle bakoitzak. Ipuin horixe da Hala Bazanerako ikasle bakoitzak bidaltzen duena, ondo txukundu eta orraztu ondoren. Ikasleak gazteagoen tutore Hala Bazan bezalako egitasmoak oso motibagarriak izan litezke ikasleentzat, Langiletik jakitera eman digutenez, baina, ez dira horretan gelditu. Azken kurtso honetan, bosgarren mailako ikasleak lehen mailakoen tutore izan dira. Lehen mailakoak irakurtzen ikasten ari dira eta zaharragoek ipuinak irakurri dizkiete, astero ordu erdiz. Tutoreen lana izan da astero ipuin bat aukeratzea eta ondo landu ondoren gazteagoei irakurtzea, eta horretarako Hala Bazaneko ipuin asko erabili dituzte (urtero ikasleei banatzen zaizkien 6 kopiatatik bat ikastetxean hartzen dute hurrengo urteetan erabili ahal izateko). Azkenerako, lehen mailako ikasleek ere ipuinak aukeratu dituzte tutoritza horietan irakurtzeko. Horrez gain, jende aurreko ipuin kontaketak eta beste hainbat gauza ere sortu dira honen inguruan, Langilen.

Elizatxon ere gustora
Elizatxo ikastola izan da egitasmoan parte hartu duen beste ikastetxea eta berak ere oso balorazio ona egin du Hala Bazani buruz.

www.kronika.net-en
Ipuin guzti hauek Hernaniko Kronikako web orrian izango dira datorren astetik aurrera, www.kronika.net helbidean. Honekin, ikasle nahiz herritarrek idazle gazte guzti hauen ipuinak irakurtzeko aukera izatea lortu nahi du euskara elkarteak. Dobera Euskara Elkartetik jakitera eman dutenez, datorren ikasturtean ere izango du jarraipena ikasleak idaztera eta irakurtzera zaletzea helburu duen egitasmo honek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!