PSE-EEk eskaera egin dio Udaleko Hezkuntza Formazio eta Lan Departamenduari, gizarte zerbitzu arloko ikastaroak martxan jarri ditzan, langabetuentzat. PSE-EEk azaldu duenez, gero eta langile premia haundiagoa dago gizarte zerbitzuetan, batez ere adinekoekin lan egiteko. Hernanin bertan premia hori ere badagoela dio PSE-EEk: ´Hernaniko herritarren gizarte zerbitzu beharra haundituz dijoa urtetik urtera, batez ere hirugarren adinari dagokionean. Gero eta zailagoa da gainera, sektore honetarako langileak aurkitzea`. Azpimarratu du ikastaro hauen bidez pertsona askok, bereziki emakumeek, lan postu bat lortuko luketela. Ikastaroak martxan jartzeaz gain, Udalari eskatu dio Ongintza Patronatuarekin harremanetan jartzeko, sektore horretan zein langile behar dagoen jakiteko.
´Udalak antolatutako ikastaroak ez dira moldatu`
PSE-EEren iritzira, azken urteetan ez da berrikuntzarik izan lan munduan, Udalak aurrera ateratako ekimenetan. Alderdiaren ustetan, lan munduaren inguruko ekimen hauek berritu egin behar dira, momentuan dauden beharrak aztertuta. Horretarako, garrantzizkoa ikusten du inguruko enpresekin harremanetan jartzea, zein behar dituzten aztertzeko. Alderdiak aipatu du Udala eta honen inguruko entitate autonomoak direla herriko enpresa garrantzitsuenak, eta bertako gizarte zerbitzu arloan langile premia dagoela.
Ongintzak hartutako erabakiarekin ez datoz bat
Hirugarren adineko zerbitzuen inguruan, PSE-EE ez dator bat Ongintza Patronatuan duela gutxi onartutako ekimen batekin. Gaur egun, etxez etxeko laguntza zerbitzuko itxaron zerrendan 70 lagun daude. Pertsona horiei zerbitzua emateak 18.200 ordu gehiago ematea ekarriko luke. Horri irtenbidea emateko Ongintza Patronatuko Zuzendaritza Batzordean onartu zen familiek bere kontu pertsona bat kontratatzea, eta Ongitza Patronatuak diru laguntza ematea langile horri ordaintzeko. Sistema hori beste hainbat herritan ere badago martxan eta administrazioak onartutako sistema da. PSE-EEk neurri hori kritikatu du, uste duelako ezkutuko ekonomia bultzatzen duela. Uste du beraiek proposatutakoa, ikastaroen bidez lan horretarako langileak gaitzea, neurri egokiagoa dela.
Erantzunaren zain PSE-EEk adierazi du
Udalean egindako proposamenek ez dutela oraindik erantzunik jaso. Duela 2 urte ere proposatu zuten zonaldeko enpresen langile premiak aztertu, eta beharren araberako ikastaroak antolatzea, langabetuentzat. Proposamen horren inguruko erantzunik oraindik ez dutela jaso azpimarratu du PSE-EEk.