Zu Xabier haundienekin aritzen zara begirale eta zu Ane, txikienekin. Zergatik aukeratu zenituzten adin talde horiek?
Xabier Zubitur: Nere kasuan hasieran horrela egokitu zitzaidalako. Baina gustatu zitzaidan beraiekin nuen tratua, gainera ez dira hainbeste kejatzen eta gauza gehiago egiteko aukera ematen du.
Ane Iturbe: Ni kale hezitzaile bezala aritu izan naiz eta normalena haundienekin jartzea zen, baina txikienekin hasi nintzenean ikusi nuen ondo moldatzen nintzela; erabat ezberdina da, jolas aldetik, afektibitate aldetik...
Udaleku irekiak kalean izaten dira, zer abantaila eta desabantaila ikusten diozue horri?
Xabier: Ni eskola barruan ere aritu izan naiz eta nahiago dut kalean ibili, kaleak aukera gehiago ematen du jolasak egiteko eta ekintzetarako.
Baina ardura gehiago ere izango duzue, ez duzue beldurrik zentzu horretan? Xabier: Nik ez dut beldurrik sentitzen, dena oso ondo programatuta eta kontrolatuta eramaten dugu, bi begirale gara...
Ane: Haurrak normalean ondo portatzen dira eta begiraleei kasu egiten diete, alde horretatik ez da arazorik izaten.
Udaleku irekien lehen eguna eta azkenekoa ez da berdina izango haurrarentzat... kosta egiten al zaio konfidantza hartzea?
Ane: Jakina ez dela berdina. Baina konfidantza hartzea haurraren araberakoa da, batzuk lehenengo egunetik galtzen dute lotsa, beste batzuk ez... Hala ere, begiralearen gertutasuna oso garrantzitsua da umearekin konfidantza hori lortzeko garaian.
Xabier: Bai, nik ere horrela uste dut. Gainera, askotan taldetxoak eginda etortzen dira eta gu saiatzen gara tendentzia hori zuzentzen, beste umeekin ere jolastu dezatela. Susmoa dut begiraleak asko inprobisatu behar duela egunean zehar, ez da horrela?
Ane: Egia esan ekintza garrantzitsuenak oso ondo programatuta daude eta dena aurrikusten dugu; pentsa, eguraldi txarra egin ezkero nora jo aurrikusten dugu... Gero, beste gauza bat da egunean zehar martxaren arabera aldaketak egitea, haurrak jolas batekin aspertzen ari direnean edo; askotan pistak ematen dizkizute ea zer egin nahi duten.
Anekdotak eta kontu bitxiak mila izango dituzue noski...
Xabier: Bai, kontaezinak dira... Behin nire taldean zegoen ume batek kaxkarreko ederra hartu zuen poste baten kontra, begiak tapaturik zeramazkin jolas batean zebilen eta... kristoren sustoa hartu genuen, baina gero a ze parreak! Nola da udaleku irekietako egun normal bat, zer egiten duzue?
Ane: Guk normalean umeak goizean jaso eta jolasak egiten ditugu, baina jolas zehatzak izaten dira gai baten ingurukoak, edo bestela eskulanak. Gero hamaiketakoa eman eta ondoren denbora libre pixka bat uzten diegu, nahi duten modura ibili daitezen. Hala ere, leku batetik bestera abiatzen garenean denbora asko joaten zaigu, ume txikiak dira oraindik-eta.
Eta udalekuak amaitzean, zer sentitzen duzue, pena edo lasaitasuna?
Xabier: Nik bietatik pixka bat sentitzen dut, pena bai, baina aldi berean lasaitasuna; uste dut nahasketa moduko bat dela.
Ane: Gainera, udaleku irekiak dira hauek eta haurrak herrikoak dira, urte osoan ikusiko dituzula badakizu eta horregatik ez duzu hainbesteko pena hartzen. Hunkigarria da kalean zurekin ibilitako ume batekin topo egin eta honek kasu egitea...
Eta begiraleen artean zer moduz moldatzen zarete?
Xabier: Ondo moldatzen gara, baina begirale asko gara eta zaila da guztiekin tratu berbera izatea. Nik uste begiraleak saiatu behar duela integratzen, hori garrantzitsua da.
Tony Karatxo izeneko bat badago, ezta?
Xabier: Bai je, je... Hiltzailearen jolas antzeko bat da, begiraleen artean egiten dugu eta hiltzen bazaituzte karatxo bat eraman behar duzu marraztuta egun osoan.
Ane: Udalekuen amaieran bazkari bat egiten dugu eta bertan hiltzailea zein den deskubritu behar dugu. Joko polita da eta saltsa haundia sortzen du begiraleen artean.