UDALEKU irekiak hastear dira Hernanin eta horrekin batera hasiko dira jolasak, abestiak eta algarak herriko kaleetan barrena. Beste urte batez ere, ehundaka izan dira udalekuetan izena eman duten haurrak; zehazki esateko, 458 haur izango dira aurten udaleku irekietan, iaz baino gutxixeago (470) eta beste 60 kirol udalekuetan. Udaleku irekietako haurrak adin taldeka banatu ohi dituzte, hiru multzo haunditan, aurten ere horrela izango da: 3-4 urteko adin taldean 149 haur eta 21 begirale izango dira; 5-6 urteko adin taldean 162 haur eta 23 begirale; 7-9 urteko taldean berriz 147 haur izango dira eta guztira 16 begirale arituko dira lanean talde honetan. Beraz, guztira 61 begirale ibiliko dira, iaz bezalaxe eta Urtxintxa aisialdi elkarteak koordinatuko ditu begirale eta ekintza guztiak.
Aurten Atsegindegi bilgune nagusi
Olatz Izagirre da aurten udaleku irekietako zuzendari lanetan ibiliko dena eta berak Kronikari azaldu dioenez bilgune bakarra izango da adin talde guztientzat, Atsegindegi. Beste urteetan adin talde bakoitzarekin leku ezberdin batetan egiten zuten hitz ordua, gurasoek haurrak bertara eraman zitzaten; baina aurten egokiago ikusi dute denak Atsegindegin biltzea, bertan lekua sobran baitago, Olatz Izagirreren hitzetan. Orain arte, eguraldi txarrari aurre egiteko Meabe, Elizatxo eta Urumea ikastoletan elkartu izan dira, adin taldearen arabera; baina Izagirreren hitzetan saiatzen dira ´ekintzak ikastoletatik kanpo egiten, urte osoan hor sartuta egoten baitira haurrak`. Zentzu horretan, Atsegindegi gune garrantzitsu bat izan daitekeela aitortu du zuzendariak, batez ere euria egiten duenerako. Hala ere, jolasak kalean eta parkeetan egiten saiatuko direla dio, horrela programaturik baitaukate.
Prestaketa maiatzetik
Udalekuak uztailean hasiko dira, baina prestaketa lanek denbora gehiago eman die. Maiatzean begirale guztiak elkartzen dira asteburu batean, udalekuen programazio guztia osatzeko: materialak, egunez eguneko egitaraua... Gaur egun Biterin egiten dute prestaketa lan hori, baina garai batean aterpetxe batera joaten ziren. Begiraleak Udalak kontratatzen ditu eta horretarako lan-poltsa bat irekitzen du bi urtean behin. Horrela, ordezkapen bat egin behar izan ezkero, lan poltsa horretara jotzen dute lehenik. Koordinatzaileek haurren gurasoekin bilerak egiten dituzte udalekuak hasi aurretik, horien zalantzak eta galderak argitzeko asmotan. Olatz Izagirrek azaldu duenez, gurasoen zalantzak sakonekoak baino praktikoak izan ohi dira: ´hamaiketakoa nola eman, zer jantzi eraman igerilekura joaten direnean...´. Hala ere, guraso bakoitzari aste osorako ohar bat helarazten diote, haurrak egunez egun eraman behar duena azalduz edo bestelako ohar eta datuekin.
Euskara, autonomia, ezagutza eta esperientzia alai bat
Hernaniko udalekuak Euskara Zerbitzuak jarri zituen martxan euskara sustatzeko asmoz eta gaur egungo udaleku irekien formatuarekin 2002an hasi ziren. Hala ere, haurren artean euskara sustatzeaz gain badituzte beste helburu batzuk, esaterako, haurren autonomia maila haunditzea: ´haurrak gurasoen ondotik atera eta gainera ikastetxe ezberdinetako beste haurrekin jartzen ditugu` dio Izagirrek, modu horretan elkar ezagutu eta lagun berriak egiten dituzte. Bestalde, Hernani eta inguruak bisitatzeko aukera izaten dute haurrek lau asteetan zehar eta horretaz gain, esperientzia alai eta positibo bat izaten da beraientzat: ´jarritako helburuak betetzen ditugu, eta gainera haurrek gozatu egiten dute udalekuetan`, dio Izagirrek.
´Saiatzen gara aste bakoitzean interes gune berezi bat lantzen`
Bihar hasi eta uztailaren 28an amaituko dira udaleku irekiak (09:00etatik 13:00etara), lau aste aurretik, beraz. Olatz Izagirrek Kronikari azaldu dioenez, aste bakoitzean gai berezi bat landuko dute.
Lehen astean konfidantza eta ezagutza lantzeko jolasak egiten dituzte, haurrek begiraleak ezagutu ditzaten eta baita hilabetez ondoan izango dituzten lagunak ere. Bigarren astean mundua eta naturaren inguruan egingo dituzte ekintzak: Gladis-Eneara irteera, Ondarretara, Oiangu parkera akaso... Hirugarren astean berriz erdiko adin taldeak eta haundienek lanbideak ikasiko dituzte: ´Joko berezi bat egiten dugu begiraleen bila izena duena` dio Olatzek. Txikienek aldiz gorputza izango dute gai nagusi. Azkeneko astea berezia izango da, tartean bi jai egun baitituzte (uztailak 24 eta 25) eta despedida festa antolatuko dute, merendolarekin.
Ur festa, San Ferminak, Play Back-a...Urteroko zita garrantzitsuenek ez dute huts egingo eta ur festa edo San Ferminak ospatzeko talde guztiak elkartuko dira (28 talde dira guztira). Baina horretaz gain, EITBra eta paper lantegi batera bisita, igerilekura, hondartzara, Saharako kultura ezagutzeko ekintzak... hori guztiaz gozatuko dute aurten haurrek.