Udalak ikerketa eskatu du erraustegiak ingurumenean izango lukeen eragina aztertzeko

Kronika - Erredakzioa 2006ko eka. 29a, 03:00

Donostiak erabakia ´alternatiba hori babesten duen ikerkerketa teknikorik gabe` hartu duela aipatu du Iñaki Arratibelek.

UDALAK ikerketa bat eskatuko du erraustegia Landarbason jartzeak ingurugiroan zein eragin izan ditzakeen aztertzeko. Horrela jakinarazi du prentsara bidalitako ohar batean. Udalak aipatu du, ikerketa hau urgentziazko prozedimentu bidez eskatu duela eta azaldu du, erraustegia Donostiako Udalerrian jarri arren, Hernani, Errenteria eta Astigarragatik metro gutxira eraikiko litzatekeela.

´Ikerketa teknikorik gabe hartutako erabakia`

Iñaki Arratibel, Hirigintza Zinegotziak azaldu du erraustegia Landarbason jartzeko erabakia ´alternatiba hori babesten duen ikerketa teknikorik gabe` egin dela eta ´beste mota bateko irizpideen bidez` egin duela uste du zinegotziak. Ikerketa honekin ´erraustegiak Landarbaso bezalako inguru natural batean izan dezakeen eragina aztertu nahi da` Arratibelen hitzetan.

Hondakinak kudeatzeko plan integralaren alde

Hernaniko Udalak Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralaren aldeko jarrera azaldu duela aipatu du Iñaki Arratibelek, ´bertan, beste hainbat neurriren artean, erreziklatu ezin den zaborra erraustea proposatzen da, herrialde aurreratuenetan egiten den moduan`. Hala ere azaldu du, ´Donostiak proposatutako kokapena, Landarbaso bezalako inguru natural batean eta Aiako Harria Parke Naturalaren ondoan, Europako joeren kontra dijoa. Joera hauek diote dagoeneko hiruguneak dauden eremuetan jarri behar direla horrelako plantak`.

Arazoa Donostiatik urrundu

Iñaki Arratibelek dio Landarbaso ez dela erraustegia jartzeko ingururik egokiena, zaborra bertara eramateko errepideak eraiki behar direlako, Hernani, Astigarraga eta Errenterian. ´Donostiak afektatutako udalerri hauekin kontsultatu gabe proposatu du kokapena`.

Bukatzeko, Hirigintza Zinegotziak dio Donostiak hartutako erabakia erraustegia ahalik eta urrutien jartzeko hartu duela, eta Landarbaso aukeratu duten bezala Artikutza ere aukera zezaketela, ´arazoa gainerako udalerrietako biztanleei eramateko helburu bakarrak mugituta`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!