Bukatu dira festak, euri eta jai giroz betetako San Joanak

Kronika - Erredakzioa 2006ko eka. 28a, 03:00

BUKATU dira aurtengo San Joan jaiak. Giro onaz gain, euria ere izan da protagonista aurtengo festetan. Ostiralean San Joan sua piztearekin batera hasi zuen euria eta gutxi edo gehiago festa egun guztietako parranda lagun izan da. Hala ere, horrek ez du herritarrik atzera bota eta jendearen gogoak aurrera atera ditu festak egunez egun.

Atzo baserritarren eguna eta festei agurra
Atzo baserritar eguna izan zen, festetako azkeneko eguna. Goizean jendez betetako Axeri Dantza izan zen eta nahiz eta hirugarren Axeri Dantza izan lehenengo eguneko gogo eta indar berarekin astindu zituzten maxkuriak, axeriak bere dantzarekin jendea liluratzen zuen bitartean. Eguerdi parteko jai giroa Beti Egarriak txarangaren kontu joan zen. Txarangako zuzendariak ez zuen deskantsurik hartu eta saltoka eta dantzan aritu zen pieza guztietan, inork etsi ez zezan. Eguerdian Udaletxean omenezko plaka jaso zuten. Beste plaka bat ere jaso zuten Xalaparta elkarteko kideen eskutik. Herri kiroletan ere jende ugari izan zen eta Joxe Mari Olasagasti, Donato Larretxea eta Miguel Mindegiak aizkorarekin erakustaldi polita eskaini zuten modalitate ezberdinetan. Arratsaldeko pelota partiduetan ere Hernaniko profesional mailako pelotariak ikusi ahal izan ziren. San Joan Konpartsak garai bateko taberna giroa berreskuratu zuen atzokoan eta jende ugari bildu zen konpartsa ikustera. Gauean Beti Egarriak txarangak eman zion amaiera festari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!