FESTA eta jai giroz betetako lau egun pasa ondoren gaur gauean bukatuko dira San Joan jaiak. Beti Egarriak txarangako kideek, aurten omendutakoak, bandera jaitsiko dute gauerdian eta Incansables txarangarekin azken kalejira dantzatuko dute hernaniarrek. Hala ere, gaurko eguneko egitaraua beteta dator eta festei agur esan aurretik izango da non ondo pasatzeko aukera. Goizean, Beti Egarriak txarangak kale buelta egingo du gaur 11:00ak aldera eta eguerdian Udaletxera igoko dira omenduen plaka jasotzera.
Sagardo dastaketa eta pelota partiduak
Gaur baserritar egunean, goizeko 11:00etan sagardo dastaketa izango da Tilosetan. Eguerdian, Tilosetan, herri kirol erakustaldia izango da eta bertan urrezko aizkolari txapeldunen liga jokatuko da. Arratsaldeko 18:00etan profesional mailako pelota partiduak jokatuko dira eta Hernaniko 3 pelotari profesionalak jokatzen ikusteko aukera izango da. Aurreneko partiduan Iñaki Esnal eta Eskuderok jokatuko dute Josu Oiaga eta Urrizelkiren kontra. Bigarren partiduan, Olaizola II eta Oier Mendizabalek Unanue eta Zearraren kontra jokatuko dute. Jaialdia ikusteko sarrerak Aralar, Guria eta Onddin eskura daitezke.
Azken Axeri dantza eta sokamuturra
Jaietako azken egunean ere izango dira Axeri dantza eta sokamuturra. Gazteentzako parkea ere izango da goiz eta arratsalde. Xexenak arratsaldeko 17:30etan izango dira, Latsunbe auzoko kirol pistan.