Eguraldiak hobera egin zuen atzo eta antzeman zen herriko kaleetan. Goizean goizetik jende asko ibili zen koadrila eguna girotzen. Koadrila bazkariek herriko bazterrak bete zituzten, jatetxe, elkarte eta kalea bera ere bai. Ondorenean, txaranga eta musikariak ibili ziren kalean barrena eta giro ona izan zen.
Diana esnatzeko
Gaur musika eskolako txistulariek joko dute diana goizeko 07:00etan eta segidan sokamuturra izango da ausartenentzat. Goizeko 09:00ak aldera bigarren Axeri Dantza izango dugu kaleetan barrena, seguru asko atzo baino jende gutxixeagorekin. Asteburua pasata, herria lasaitu egiten da normalean eta gaur eta bihar lasaiago ibiltzeko aukera izango da geratzen diren emanaldietan.