BH: «Bazterketa eta inkisidorerik gabeko San Joanak nahi ditugu»

Kronika - Erredakzioa 2006ko eka. 22a, 03:00

BILDU Hernanik Kronikara bidalitako prentsa oharrean San Joanen inguruko mezua zabaldu nahi izan du. Plataformak azaldu du ´Hernani eta Euskal Herri osoa giro berezian` murgilduta daudela eta ´egoera horretan BHk egoki ikusi du bere mezua helaraztea hernaniar guztiei`.

Egungo Udalaren jarrera
BHk ´egungo udalak dituen hainbat jarrera` salatu nahi izan ditu. Honen inguruan aipatu du San Joanak herriarenak direla eta herritarrek aurrera ateratzen dituztenez, onartezina iruditzen zaie ´udalak hartu duen jarrera baztertzailea`. Horrekin batera dio, udalak aspaldian ez bezala herriko jaiak desitxuratzeko asmoarekin zentsura politikoa erabili duela: ´Arrazoi politikoengatik Jai Batzordeak aukeratutako kartela atzera bota da, presoen aldeko ekitaldiak kendu dira, baina erabaki horiekin egungo zinegotzi hauek lortu duten bakarra zera da, bere miseria politikoak eta intelektualak agerian uztea. Hernaniko herriak jarrera horiek erabat arbuiatzen dituelako`.

´Jaiak elkartasuna adierazteko unea`
Bildu Hernanik dio garai hauek ilusioarekin bizi dituela, baina uste du, jaiak elkartasuna adierazteko uneak direla: ´Horregatik, gurekin ez daudenak bereziki gogoratu nahi ditugu. Herriko presoak, errepresaliatu politikoak edo egun hauetan hainbat arrazoiengatik herritik urrun daudenak gogoan izan behar ditugu, eta hauekin batera beraien senide eta lagunek gure berotasun eta elkartasunik goxoena jaso behar dute`. Zentzu honetan BHk espero du ´herritar guztiak inolako bazterketa edo jazarpen politikorik jasan gabe jaietan parte hartu ahal ´izatea.

San Joanetan parte hartzeko deia
Bukatzeko, hernaniar guztiei San Joanetan parte hartzeko deia egin die BHk: ´goiz eta arratsalde hernaniar guztiei San Joanetan parte hartzeko deia luzatzen diegu. Hernaniko herritarrak garelako gure herriko jaien indarra, motorea eta protagonista. Gora San Joan Jaiak; gora Hernani!`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!