Arratibelek uste du BHk ´hanka sartu zuela` onartu beharko lukeela

Kronika - Erredakzioa 2006ko eka. 21a, 03:00

´Eusko Jaurlaritzan dagoeneko sinatua zegoen hitzarmena zergatik aldatu nahi izan zuen` galdetzen du Hirigintza zinegotziak.

SAgastiyako etxebizitzen auzian Bildu Hernanik egindako adierazpenei erantzun die Iñaki Arratibel Hirigintza Zinegotziak, Kronikara bidalitako prentsa ohar batean. Arratibelek dio BHk ´beste alde batera begiratzen duela` eta ´Batasuna gobernuan egon zen garaian egindako hirigintza jarduera okerrak direla eta` ezker abertzaleari dagozkion ardurak ekiditen dituela. Hirigintza zinegotziak galdetzen du ´Eusko Jaurlaritzarekin dagoeneko sinatua zegoen hitzarmen bat` zergatik aldatu nahi izan zuten galdetu izan diotela BHri, baina, ez duela erantzunik ematen. Arratibelen arabera, Batasunak sinatutako hitzarmen berri hori da ´Sagastiyako etxebizitza guztien izapidea baliorik gabe utzi duen epaia ekarri duena eta ondorioz, inguru horretan babestutako etxebizitza bat ezartzeko itxaroten ari ziren ehunka hernaniarren itxaronaldia luzatu dutena`. Gainera, ´Batasunaren gobernuak` aurrera eramandako jardueraren arduradun Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta egungo Udala egiten dituela salatu du.

Akatsak onartu
Hirigintza zinegotziaren hitzetan udal gobernuak erratu litezke, ´baina akats bat egindakoan, akatsa onartu eta hark ekarri dituen ondorioak pairatzen dituztenei barkamena eskatzea ona da`. Bere ustez BHk onartu egin behar du ´hanka sartu zuela eta aldatutako hitzarmen baten bere sinadura jartzeko nahi horrek Sagastiyako etxebizitzen atzeratzea ekarri duela beste behin`.

Atzera pausoa
Hirigintza zinegotziak nabarmendu du gaur egun hernaniar askorentzat arazorik larrienetako bat dela etxebizitzarena eta ezker abertzaleak, gobernuan egon den urte guztietan ´gai honen inguruan aurrera pauso zurrunik ez emateaz gain, tamalez, eman duen bakarra atzera pauso bat` izan dela. ´Arrazoizko prezio bateko etxebizitza bat behar duten ehunka familia eta gazte hernaniarrek gai honen inguruko azalpen bat merezi dute, eta ez gainerakoei errua botatzeko ahalegin bat`, Arratibelen arabera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!