Langile ikastolako lokal bat egokitzeko hitzartutako diru laguntza emateko eskatu dio Udalak Eusko Jaurlaritzari

Kronika - Erredakzioa 2006ko eka. 21a, 03:00

Joxan Rekondo alkateak, ikasturte amaiera aurretik, bere garaian hitzartutakoa emateko eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, Hernaniko Kronikara bidalitako prentsa ohar batean azaldu duenez. Hernaniko Udalak kolaborazio hitzarmen bat egin zuen Eusko Jaurlaritzarekin, Langile ikastolako lokal berri bat egokitzeko. Alkateak jakitera eman duenez, 250.000 euro aurreratu behar izan zituen orduan Udalak, Perkaiztegi kaleko lau ikasgela egokitzeko, baina, obrak Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzaren eskuduntza direnez, Hezkuntza saila kostu hori ordaintzera derrigortu zen. Ordainketa hori diru-laguntza zuzen baten bidez zen egitekoa 2006ko lehenengo lauhilekoan Rekondoren hitzetan, baina, oraindik ez du Udalak laguntza hori jaso.

Udalak bere gain
Alkateak sinatutako dekretuan aipatzen da, Hezkuntza Sailaren konpromiso haustea dela eta, Perkaiztegiko lokalak utzi ditzan eskatuko diola Hezkuntza Sailari. Udalak ulertu du Hezkuntza Sailak lokalak egokitzearen inguruko interesa galdu duela eta 2006-2007 ikasturterako Langile ikastolak dituen beharrak bere gain hartu ditu, Hernaniko Kronikari emandako informazioaren arabera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!