Urteko egunik luzeena ospatuko dute gaur Chillida Lekun, ingurumena eta zirkoa gai hartuta

Kronika - Erredakzioa 2006ko eka. 20a, 03:00

Udako solstizioa Chillida Lekun ospatzen den hirugarren urtea da. Udalak autobusak jarriko ditu debalde, 20:15etan, Atsegindegin.

Udako solstizioa ospatzeko ekitaldia izango da gaur Chillida Leku museoan, 21:00etatik 23:30ak ingurura arte. Aldiero gai desberdin bat hartzen dute urteko egunik luzeenari agur egiteko eta aurten ingurumena eta zirkoaren inguruko emanaldiak izango dira.

Zirkoaren bueltan
Juan Montanyes Monti pailazo kataluniarra izango da gaiaren haria eramango duena. Pailazoak umore oso berezia erabiltzen du bere emanaldietan eta hori izan da bere aukera egiteko arrazoietako bat, atzo prentsaurrean azaldutakoaren arabera. Montik bidai bat proposatuko dio ikus-entzuleei, Chillidaren obretan izango diren emanaldietan barrena. Karidadeko Benta musika taldeak jarriko ditu erritmoak: Jon Maia bertsolariaren ahotsa eta letrak dituen taldeak musika zingaro ikutu bat badu. Azukillas trapezio taldea, Fernanda Ledesma kontorsioniasta eta Delirio zirkoak osatuko dute espektakulua: Ohialak, sua... denetarik erabiliko dute gaurko gau magikoan.

Sarrerak bertan
Biterin sarrerak salgai izan dira, baina, atzo bertan bukatu ziren. Emanaldira joan nahi duenak sarrerak Chillida Lekun bertan hartu beharko ditu, 10 eurotan. Bestalde, autobusak debalde jarriko dituzte Atsegindegitik, arratsaldeko 20:15etatik aurrera. Atzo, Chi-llida Lekun azaldutakoaren arabera, Hernaniko Udala eta museoaren elkarlanaren ondorio da Solstizio emanaldia eta Eusko Jaurlaritzaren eta Diputazioaren laguntza du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!