OSTIRALEAN hasiko dira ofizialki San Joan jaiak baina hernaniarrek ezin izan dute festarako gogoa gorde eta hori nabaritu egin zen larunbat gaueko Preludio Nagusian. Eguraldia lagun, plazako taula gainean zeuden musikari, dantzari, abesbatza eta bertsolariek errepertorio zabala eta txukuna eskaini zuten: abesti ezagunak asko, baina musika, dantza eta argi montaje ikusgarriaz lagunduta. Larunbateko preludioari, hala ere, alaitasun eta festa giroa perkusio taldeak eman zion, batukada hotsez, bati baino gehiagori gerria mugiarazteko gogoa jarri baitzion. Preludioa bukatuta kalean zehar ere jarraitu zuten festa giroa alaitzen. Noski, ez ziren falta izan San Joanekin lotutako piezak eta hauek jendez betetako plaza hunkitu zuten. Hala ere, ostirala arte itxaron beharko dute San Joan giroan murgiltzeko.