IGANDEAN izango da Etxerri Lagun Arteak antolatzen duen Atleta osoaren froga. Aurten 34garren edizioa da. Atleta osoaren frogarekin baten palankarien tiraldiak ere izango dira.
Ibilbide berria
Aurten ibilbide berria jarri dute antolatzaileek, izan ere trafikoa dela eta arazoak izaten ziren aurreko urteetan. Aurten hasiera eta helmuga atletismo pista izango da. Atletismo pistari bizikletaz bi buelta eman beharko dizkiote eta Floridan barrena, trenbide azpitik doan zubia pasa eta poligonoetan barrena ibiliko dira. Handik buelta egin beharko dute, berriro ere, Floridatik Sagastialden barrena atletismo pistara. Bizikletaz 4.838 metro egin beharko dira. Atletismo pistan 25 kiloko zakua altxa ondoren korrika abiatu beharko dute antzeko ibilbidea eginez, baina poligonoetatik Landaren barrena egingo dute buelta. Gero Floridatik pasa eta Sagastialdetik atletismo pistara abiatuko dira. Korrika 3.977 metro egingo dituzte.
Frogan izena emateko Etxeberriko Lagun Artea elkartera joan daiteke edo 943552718 telefonora deituta (19:00-21:00). Froga goizeko 10:30etan hasiko da, atletismo pistan, eta aurretik eman liteke izena.